Urtero legez, igande honetan Azkorteko erromeria antolatu dugu Ttakun kultur elkarteak Lasarte-Oriako Udalaren laguntzaz.
Lehen orduetako euriak eta lainoek ez zuten ezer onik iragartzen, baina lainoak irekitzen joan eta hamaiketarako eguzkia ageri zen.
Herritar ugari hurbildu ziren Azkortera bai oinez, baita autobusez ere. Eta giro ederra sortu zen Amalur eskolako trikitilarien lanari esker.
Ohitura den bezala, lehenik meza ospatu zen Azkorteko ermitan. Bertan, Amalur eskolako trikitilariak eta Alboka abesbatzak meza girotzen lagundu zuten.
Mezatik atera eta prest zeuden pintxoak eta ogitartekoak jendeak indarrak berreskuratzeko.
Herri kirolak
Herri kirolak hasi baino lehen, Unai Muñoa eta Patxi Etxeberria ederki aritu ziren bertsotan.
Ostean, Idoia Etxeberria eta Beñat Telleria gazteak egon ziren harria jasotzen.
Idoiak bi jasoaldi egin zituen 113 kilo harriarekin. Hala ere, jasotzeko erarekin konforme ez zegoenez, bes te bi altxaldi egin zituen; Beñatek ere bi jasoaldi egi zituen, baina bere kasuan 100 kiloko harriarekin egin zuen lan.
Ondoren, Mugertza aita-semearen txanda izan zen. Bi aizkolari hauek enborra kolpe gutxiagotan nork mozten zuen jarri dute lehian eta irabazlea Ugaitz semea izan da, 58 kolperekin.
Beñat Tellerik 75 kiloko harriarekin lan egin du ostean eta bi minututan 10 aldiz jaso du harria.
Segidan, Mugertza aizkolariek bertikalean enborra nork lehenago moztu aritu dira eta, oraingoan, Fausto aitak irabazi du.
Azkenik proba mista egin da. Bikoteak Fausto eta Beñat eta Ugaitz eta Idoia izan dira.
Erronka enbor bakoitzeko 62,5 kiloko harria 4 aldiz jaso eta sei enborrak moztu eta harria jaso oostean, 6 korte egin behar zioten bikote bakoitzak enbor bati trontzarekin.
Irabazleak Beñat eta Fausto Mugertza izan ziren. •