Aurreko urteetan Lasarte-Oriatik abiatuta Arantzazura eta Aralarko San Migelera joan ziren; iaz itsas ertzetik Pasai Donibane eta Hondarribi arteko bidea egin zuten eta aurten Amezketatik Irantzuko monasteriorainokoa egin dute. Hamabi ordu eta erdi oinez, Gipuzkoa eta Nafarroa artean.
Amezketatik abiatu ziren larunbatean, goizean goiz, eta Irantzuko monastegia zuten helmuga. Iluntzerako han ziren, Minas, Aralar, Arbizu, Etxarri-Aranatz, Etxarriko lepoa eta 1.239 metroko altuera duen Dulantz menditik pasa eta gero.
Jose Luis Aranburu gogoan
Ibilbidea, Fati Serranok eta Joxean Salsamendik prestatu zuten, orain dela gutxi gure artetik joan den Jose Luis Aranbururen omenez.
Izan ere, lasarte oriatar asko dira mendietan lehen pausoak Jose Luisekin egindakoak, aurreko larunbatean ibilaldia osatu zutenetako batzuk esaterako. Gainera, aipatutako Jose Luis Aranburu mendigoizalearen omenez, urtero ibilbide bat antolatuko dutela aurreratu dute.
Laugarrena
Aurtengoa ez da lehenengo ibilaldia. Aurreko urteetan ere ibilaldi luze eta bereziak egin dituzte. Lehen urtean Lasarte-Oriatik bertatik abiatu eta Arantzazuko Santutegiraino joan ziren; hurrengo urtean, berriro herritik abiatuta Aralarko San Migel-eraino, iaz 6-7 orduko mendi ibilaldi bikaina burutu zuten itsas ertzetik, Pasai Donibane eta eta Hondarribi artean.
Aurtengoa gogorragoa izan da, ordu batzuk gehiago egin dituzte oinez. Baina ez gogorregia: hamabi ordu eta erdiko ibilbidea osatu eta gero elkarrekin afalduz eman zioten amaiera "sufrimendu adina une gozo izan zituen egunari".
Oso nekatuak zirenik ezin da esan, ez ziren eta berehalakoan oheratu. Hurrengo egunean, goizean goiz, Amezketatik abiatu zirenetik ia 24 ordu beranduago, amaitu zuten eta parranda.