Joxe Mari Agirretxek egin zuen astearen aurkezpena. Aurten gainera, inoiz baino luzeagoa da, izan ere, gero eta talde gehiago daude, eta gainera, kulturetxeko programazioarekin ezin izan dute jarraian egin.
Gero eta talde gehiago
Aurten guztira 30 taldek hartuko dute parte Antzerki Astean; hauetako 23 antzerkikoak dira eta beste 7ak berriz dantzakoak.
Poliki-poliki ari da dantzaren atala bere lekua hartzen eta urtetik urtera talde gehiago ari dira sortzen.
Herritik kanpo
Prestatutako emanaldiak Lasarte-Oriatik kanpo eskaintzen ari diren taldeak gero eta gehiago direla nabarmendu zuten Antzerki Eskolako kideek. Esate baterako, antzerkiko talde batzuk izan dira Deban, Azpeitian, Zarautzen, Andoainen... Baina dantzakoak ere ez dira atzean geratu eta Usurbilen, Beran... izan dira eta Azpeitian ospatuko den Dantzako Topaketan ere hartuko dute parte.
Desfilea
Antzerki Asteari desfile ikaragarri batekin emango zaio hasiera. Maiatzaren 23an bertan izango da arratsaldeko 19:00etan herriko erdiguneko kaleetan zehar. Desfile honetan Antzerki Astean parte hartuko duten guztiak aterako dira beraien dantzako dohainak erakustera. Hirurehun lagun inguru bilduko dira datorren asteko desfilean.
Guztira 15 emanaldi eskainiko dira kulturetxean, beraz aukera paregabea antzerkia eta dantzaz gozatzeko.