San Pedroetako pilota txapelketarako izena emate epea ireki da

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 15a

Intza
Kirol elkarteak San Pedro jaietan antolatzen duen XVII. esku pilota txapelketarako izena ematea ireki da.
Txapelketako lehenengo partidak maiatzaren 30 eta 31eko asteburuan jokatuko dira eta finala ekainaren 30, San Pedroetako haurren egunean.
Lehenengo partidak Okendo jokatuko dira, baina oraindik zehazteko dago non jokatuko den finala.

Izena ematea

Benjamin, Alebin A, Alebin B eta Infantil mailetan lehiatuko dira txapelketa honetan.
Honela, Benjamin mailan 1999 eta 2000 urtekoak jokatuko dira, bakarka eta pilota goxuarekin; Alebin B mailakoek, hau da 1998an jaiotakoak ere pilota goxuarekin arituko dira eta Alebin A, 1997urtekoak, eta Infantilek, 1995 eta 1996an jaiotakoek, bikoteka jokatuko dute.
Txandalarekin jokatuko dira partidak, finala izan ezik. Honetan, jantzi zuria eraman beharko dute parte hartzaileek.
Michelingo kirol gunean egingo dira izena emateak asteartea eta osteguna 19:00etatik 20:30era eta, horretarako, J.M. Arteagatik galdetu behar da. Izena emateko azken eguna maiatzaren 26a, asteartea, izango da.

Herriarteko txapelketatik at

Lasarte-Oriak Elgoibarren aurkako herriarteko txapelketan 1-5eko emaitza eskuratu zuen eta, ondorioz, Lasarte-Oria lehiaketatik kanpo geratu da.
Lasarte-Orian jokatutako kanporaketan 1-2 geratu ostean, Elgoibarren lehengo ostiralean ez zuten aukera handirik izan eta hiru partidak galdu ziren.
Kadeteek, Ander Recondo eta Unai de Miguelek 22 eta 6 galdu zuten, Jon Pello Artetxe eta Unai Ituarte jubenilek 22 eta 18 eta senior mailan, Aritz Urkia eta Xabi Arteaga 22-11.