Zelatun-en hitzordua: Gazume salba dezagun

Txintxarri 2009ko maiatzaren 15a

Gazume salba dezagun" leloa izango du Gazume mendia defenditzearen alde eta bertan zentral eolikoa jartzearen aurka igande eguerdian mendigoizale eta naturalistek, aldarrikapena eta jai-giroa uztartuz, burutuko duten ekitaldiak.
Deialdia luzatu dutenen iritziz, natura, habitatak, bio-aniztasuna, babestutako espezieak eta paisaia zaintzeko hartu diren zenbait erabaki, betebehar edota konpromiso betetzetik urruti dago Erkidegoan indarrean den lurralde-plan eolikoa.
Errezil, Asteasu eta Azpeitiko herrietan 100 m.ko altuera eta guztira 12,5 MWko potentzia duten 15 aerosorgailu jarriko direla jasotzen eta aurreikusten du Gazumeko parke eoliko egitasmoak.
Gazume mendiaren gailurreraino 4 kilometro errepide berri baino gehiago eraikiko dira, zanga eta lubakiak egingo dira argi-indarra bideratzeko, 46.000 metro karratu lur mugituko dira eta goi-tentsioko 8 kilometroko linea jarriko da. Honek hainbat ondorio izango ditu, mendi ezaguna industrializatzea; habitatak zein paisaiak aldatu eta suntsitzea; migrazio-toki batean txoriek zarata, talka eta kolpeak, elektrokuzioak, zatitzeak eta hesi efektua; higadura eta espezie aloktono edota erasotzaileak sartzeko arriskua.
Zentral eolikoa jartzeko asmoa ez da bidezkoa, energia kopuru oso txikia sortzeko ingurumen eta paisaia balio handiko habitatak suntsitzen direlako.
Arriskuan diren espezieen euskal katalogoan ageri diren putre, sai eta ugatzek jasango dituzte zentralaren ondorioak. Espezie hauen aurka, batez ere azken saien eta ugatzen aurka, inguru honetan eragindako edozein aldaketak nahitaez euren hazkunde berria oztopatu edo moztuko du eta azken babeslekuetan diren espezie hauek arrisku larrian jarri.
Aipatutako guztiak kontutan izanik, SEO/Birdlife, Eguzki eta Club Vasco de Camping, elkarteek, Gipuzkoako elkarte kontserbazionista eta mendizale talde gehienekin batera, iritzi publikoaren arreta eskatu dute, Ernio-Gazumen horrelako instalazio bat jartzeak sortuko dituen arazo larrietaz jabetu dadin, eta aldi berean datorren igandean, maiatzak 17, eguerdiko 12etan Zelatuneko muinoan burutuko den aldarrikapen-jai ekitaldian parte hartzeko deia luzatu dute. http://gazume.blogspot.com, seodonostia@gmail.com.

EGUZKI, SEO/BirdLife eta Club Vasco de Camping