Marimotots
ek bisita egin zioten martxoan Ibaiondo fisioterapia zentroari. Izan ere, Lasarte-Oriako pailazoak Piratak DVDa prestatzen ari baitira udazkenerako, eta erreportaje sorta batekin osatuko dute. Masajeak izeneko abesti bat daukatenez, masajeei buruzkoa izango da erreportaje horietako bat. Pailazoek azaldu zigutenez, “bideo klipa eta erreportajea izango da aldi berean, 15 bat minutukoa.”Ibaiondoko Iker eta Arratek eskuak zabalik hartu zituzten pailazoak eta hainbat gauza azaldu zizkieten haien lanari buruz, hala nola, futbol zelaian egindako txorkatilako bihurritu bat edo kotxe istripu bat egiterakoan zer gertatzen den, ondoren errehabilitazioa nola egiten den eta zein teknika erabiltzen diren hori sendatzeko.
Ibaiondon zentroan eginzuten azkeneko grabaketan bizkarreko minaren aurrean zer egin azaltzen dute. Izan ere, Porrotxi motxila handi bat hartu izanagatik bizkarreko mina jartzen baitzaio.
DVD berriaren erreportajean hori sendatzeko teknikak eta min hori ekiditeko gomendioak azalduko dituzte Ibaiondoko lankideek.
Hiru kasu hauetaz gain, gauean oherakoan haurrei ematen zaizkien masajeak nola ematen diren ere azaldu zieten Iker eta Arratek.
Masaje lasaigarri honen azalpenak emateko guztiak Usurbilgo haur eskolara egin zuten txangoa eta bertan haur eta gurasoekin egin zuten proba.
Ibaiondokoekin solasean
Pirritx eta Porrotx eta Mari Mototsen DVDaren grabaketa aitzakiatzat hartuta Ibaiondo fisioterapia zentroko Ikerrekin solasean aritu gara.
Pailazoei eta grabaketari buruz galdetzerakoan zera esan digu, “pailazoekin izan genuen esperientzia polita izan zen. Oso ondo pasa genuen, bai nik, baita Arratek ere.” Izan ere, grabaketetan Ikerrek eta Arratek hartu baitute parte, lana bien artean banatuaz.
Ikerrek azaldu zigunez, ondo portatu ziren pailazoak eta Porrotxek ez zuen bihurrikeriarik egin.
Ideia nondik zetorren galdetu eta Ikerrek pailazoen gauza izan zela azaldu digu, “haiek etorri ziren guri ideia azaltzera.” Honela, guztiek batera gidoia prestatu zuten eta martxoan grabaketak egin zen, bai fisioterapia zentroan, baita Usurbilgo haur eskolan ere.
Pailazoekin masajeak eta 3 lesio ezberdin tratatu dituztela ere aipatu zigun.
Masajeei dagokionez, mota ezberdinak daudela azpimarratu zuen. Batetik masaje terapeutikoa dago, kontrakturak eta lesioen kasuan ematen dira eta honekin mina dagoen lekua tratatzen da eta bestetik masaje lasaigarriak, hauek dira haurrei egiten zaizkienak.
Ibaiondon egon ziren bitartean lanean jarraitzeko aukera izan zutela ere esan digu, “lekua handia dugu zentroan eta grabaketa gela bakarrean egin dugu.”
DVDari esker, guraso eta haurrentzat lagungarri izatea espero dutela ere aipatu du Ikerrek, baita gure Porrotx bihurriarentzat ere.
Ibaiondo zentroa
Era berean, Ibaiondon bere lana egiten jarraituko dutela ere esan digu.
Ibaiondo zentroak 12 urte darama lanean Lasarte-Orian. Bertan fisioterapia egiten dute eta fisioterapian barruan sartzen diren osteopatia, errehabilitazioa, masajeak...
Lan taldean fisioterapeuta titulatuak daude eta guztiaren buru Iker eta Arrate daude.
Helduekin, zein haurrekin egiten dute lan. Azkeneko hauen kasuan, batez ere, masaje lasaigarri eta bizkarreko minak sendatzen dituzte.
Baina hainbat patologia ere tratatzen dituzte, istripuak, traumatologia, neurologia, errehabilitazioak... Eta Osakidetzako itxaro-zerrendetan zain dagoen jendeak askotan horrelako zentrotara jotzen du. Ikerrek dioen bezala "orokorren istripua izanez gero gehienetan errehabilitazioa egitera ospitalera eramaten zaituzte, baina aukera dago guregana etortzeko." •