Garagardo Azoka jendetsua

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 18a

Giro bikaina izan da asteburu osoan Basaundin Buruntz-Azpi elkarteak jarri duen garagardo azokan. Ostegunean bertan, azoka ireki eta berehala, herritar eta kanpotar ugari hurbildu ziren jada zerbeza ezberdinak dastatzera eta azokan ohikoak diren mokaduak probatzera. Ostiral, larunbat eta igandean bete egin dira Basaundiko plazan jarritako karpak.
Ostegunean arratsaldeko 18:00etan Ostadar Kirol Fundazioko ordezkariek bete zituzten lehen garagardo pitxarrak. Itziar Carrascok, Jose Manuel Loiarte Gorrik eta Joxean Belartietak ordezkatu zuten kirol fundazioa irekiera ekitaldian. Aurretik Burutz-Azpi Ehiza eta Arrantza elkarteko, Joxe Manuel Aranburuk Ostadarrek herrian egiten duen lana goraipatu eta eskertu zuen, zera adieraziz, sarri agintariek lan hori aitortzen ez baldin badute ere aipagarria dela eta horregatik eman diotela Garagardo Azoka irekitzeko aukera. Beraz herriarengatik azken urteotan egin duen lan hori omenduz baimena eman zion Itziar Carrascori garagardoa ateratzen hasteko. Ordutik atzo gauerdira arte, milaka litro zerbeza atera dira Garagardo Azokan.

Mota guztietakoak
12 garagardo ezberdin probatzeko aukera eskaini du Buruntz-Azpik: horiak, gorriak, beltzak, gari-garagardoak eta nahi izanez gero alhoholgabekoak, denetarik beraz. Aurten Newcastle Brown Ale izenekoa izan da eskaintza berria. Gainera, edariari laguntzeko denetarik prestatu dute elkartean jateko ere, ukondoa eta saltxitxa mota ezberdinak patata purearekin, lakoia, txorixo egosia, patata bixiak, txibiak, gazta eta euskal pastela.
Ostiral iluntzean Txalagore taldeko trikitilari, panderojole eta txalapartariek emanaldi bikaina eskaini zuten Garagardo Azokara hurbildu zirenentzat.