Areto-futboleko taldeak igoeraren bila

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 18a

Lasarte-Orian areto-futboleko bi taldeak denboraldi amaierara iritsiko dira aurki. ISU Leihoak Gipuzkoako lehenengo mailan dago lehian eta Aldaz H.K. Euskal Ligan. Bi taldeak sailkapeneko lehenengo postuetan mantendu dira denboraldi osoan eta mailaz igotzeko aukerak dituzte. Horregatik, entrenatzaileekin hitz egin dugu denboraldiari buruz jakin eta azken aste hauetako nondik norakoak ezagutzeko.

Oscar Garcia Aldaz H. K.
Aldaz H. K. taldea aurten igo da Euskal Ligara eta denboraldi bakarrean Nazional B ligara igotzeko aukerak ditu.
“Lehenengo urtea da euskal ligan gaudela, hiru urte egin genituen Gipuzkoako 1. mailan eta hau irabazten. Euskal Ligara igo ginen iaz eta Nazional b mailara igotzea da orain helburua,” aipatu digu Oscarrek.
“Denboraldi ona egin dugu, azken kolpea falta da orain. Pena izango litzateke lehenengo postuan 10 jardunaldi egin eta gero, azkeneko partidan nazional B mailara iristeko aukera galtzea,” adierazi digu.
Euskal Ligari buruz galdetzerakoan, “maila gehiago espero genuen. Talde gipuzkoarrak ezagutzen genituen, beste urteetan haien aurka jokatu baitugu. Gainera, norgehiagoka berdinduak izan dira talde guztien artean eta horren adierazgarri 1go eta 10. postuaren arteko 12 puntuak dira,” aitortu digu.
Igoera lortu duten taldeei buruz galdetu eta “denboraldian zehar igoera lortu duten taldeei irabazi diegu jokatutako partidatan eta igotzea merezi dugu,” esan digu eta zera atxiki du “lehengo asteko partida giltza zen bietako talde batek irabaziz gero, igoera lortuko zuen. Zori txarrez partida galdu genuen eta postu hori Lakunzak eskuratu zuen. Orain, gure eta taularen 4. postuan dagoen Euskal Sofa Inter-UPV taldearen arteko lehia da. Horregatik, denboraldiko azken partida hau, erabakiorra da. Irabazi behar dugu eta guztia, gure esku dago,” aipatu digu.
Partidari begira Aldazeko jokalariak animatuak daudela ere esan digu, “asteburu honetan indarrak atera behar ditugu, partidari ongi aurre egiteko.”
Horretaz gain, Aldazek igoera lortuz gero, Lasarte-Oriak lehenengo aldiz izango luke talde bat Nazional B mailan. Eta aipatu digunez, maila horretako multzoa polita izango litzateke, “talde gehienak gipuzkoarrak dira eta honek erraztasunak emango dizkigu.”

Eneko Molina ISU Leihoak
ISU Leihoak taldeak Euskal Ligara igotzeko play-offetarako sailkatu da dagoeneko. Lehenengo postuetan egon da bigarren bueltan eta horrek igoera faserako txartela eman dio. Tamalez, play-offetako irabazlea soilik igoko da Euskal Ligara.
Denboraldiari buruz galdetu diogu Eneko Molinari eta irakurketa positiboa egin digu, nahiz eta lehenengo bueltan taldea ez oso fin ibili.
“Taldeak bi fase desberdin izan dituela esan daiteke, batetik lehenengo buelta kaxkarra egin zuen eta partida dezente galdu genituen, baina etxekoak irabazi eta puntuak eskuratu genituen. Bigarren buelta, aldiz, oso ona egin zuen partida gutxi batzuk galduaz,” adierazi digu Enekok.
Baina igoera faserako sailkatu diren taldeek ere bigarren buelta ona egin zutela ere aipatu digu, “horregatik, play-offa borrokatua izango dela uste dut.” Eta zera atxiki du, ”lehenengo postuan egon den taldea azken partidatan behera egin du, baina beste hirurak denboraldiko partidetan gol bat gora behera ibili gara. Beraz, interesgarria izango da”
Hala ere, aste honetan denboraldiko azken partida jokatu behar dute, “hurrengoa astean dugu finalaurreko partida. Hau partida bakarrera jokatuko da eta irabaziz gero, finalean egongo ginateke.”
Taldeak finalera iristeko aukerak dituen ere galdetu diogu. “Ongi ikusten dut taldea eta aukerak ditugula uste dut.”
Finaleko arerioari buruz galdetzerakoan, “Azpeitiaren aurka izan daitekeela uste dut. Baina ezin dizut irabaziko dugun edo ez esan. Helburua igoera lortzea da, baina...“ aipatu du.
Play-offetako partidari begira, “taldea batua dago eta jokalariak oso ongi moldatzen dira partidetan. Guztiak oso animatuak daude eta fisikoki ere ongi ikusten ditut, nahiz eta azken asteetan ahul xamar ibili diren. Hala ere, normala da bi txapelketetan baikabiltza buru belarri finalera iritsi nahian,” adierazi digu.