Denboraldi hasieran ongi hasi ziren Koldo Ageitosen mutilak. Baina Texas Lasartearrak taldeko erregionalek azken partidan galdu zuten igoera fasera igotzeko aukera.
Orain kopa dute helburu. “Iaz finalera iritsi ginen eta aurten kopa lortu behar dugu,” adierazi digu erregionaleko entrenatzaileak.
Etxean jokatzen dute eta kopa txapelketako emaitzak ikusita kopa lortzeko faboritoak direla uste du Koldo Ageitok.
Baina ez dute arerioa ongi ezagutzen eta kanporaketa izatea talde lasarteoriatarraren aurka joan daiteke. “Gauza gutxi dakigu Dunboari buruz eta ez dugu jokatzen ikusi. Gainera, partida bakarreko kanporaketa izanik bi taldeek dugu aukera,” onartu du.
“Fisikoki ongi ikusten dut taldea. 23 jokalari izan ditugu denboraldi osoan eta guztiak erabili ditugu errotazioak erabiliz. Honetaz gain, taktikoki ere fin ibili dira eta honek etxean bi partida galtzea bakarrik ekarri du. Honek, esan bezala, konfiantza ematen dio taldeari eta gure alde jarri dezake partida”, dio.
Taldeari begira, “jokalari guztiak animatuak daude eta taldea egiten jakin dugu. Mutilek lortutakoaz harro nago eta kopa merezi dutela uste dut,” esan digu.
Eta gainera zera atxiki du, “ezin dugu hutsik egin eta gure alde onena erakutsi behar dugu. Denboraldi osoa partida honetan doa.”
Texas kopatik kanpo
Hau guztia, larunbata arratsaldeko partida baino ordu batzuk lehenago esan zigun Koldo Ageitosek.
Izan ere, tamalez, larunbateko kanporaketan Texas Lasartearrak Dunboaren aurka 1 eta 2 galdu baitzuen.
Era honetara, Koldo Ageitosen mutilek ezin izango dute iazkoa errepikatu kopa txapelketatik kanpo geratu baitira.
Ostadarreko emakumeak
Kopako finalaurrekoak asteburu honetan jokatu dituen beste taldea Ostadarreko emakumeen taldea dugu.
Ostirala arratsaldean, entrenamentuan Ibai eta Koldo entrenatzaileekin hitz egiteko aukera izan dugu.
“Zentzu orokorrena denboraldia ona izan da, gure gorabeherak izan ditugu batez ere konpromezuarekin. Hala ere, ona izan da. Ondo hasi ginen, beherakada bat izan genuen eta orain bukaeran txukun gabiltza,” esan digute.
Kopako txapelketari buruz galdetuta, “taldea motibatuagoa egon da, aurreko fasean baino gehiago. Jokalariak gusturago aurkitzen dira kopako mailarekin,” onartu digute, baita “multzoan bi edo hiru talde kenduta, gurekin lau nahiko talde ahulekin lehiatu gara.”
Asteburu honetako finalaurrekoa “partida gogorra izango da. Beste taldea Eibartarrak bere multzoko lehenengoa geratu da, partidarik galdu gabe eta gol gutxi jasota. Partida gogorra izango da. Gainera uste dut haiek kopan ez dutela partidarik etxean galdu edo berdindu,” azaldu digute.
Finalaurrekoari begira Ostadarreko emakumeengan konfiantza dutela ere adierazi dute, “aukerak badaude, gauzak ongi egiten baditugu aukerak badauzkagu.”
Gainera, “jokalariak animatuak daude. Azken aldian azterketak direla eta, batzuk ezin izan dute etorri. Horregatik, aste honetan motibazio lana egin dugu entrenatzera etortzeko eta finalaurreko delako.”
Finalari buruz galdetu eta “aurrena igandekoa eta gero ikusiko da. Nik uste finalera iristen bagara ondo dagoela. Baina lehenik saiatu behar gara igandeko partidan gauzak ondo egiten eta irabazten badugu hobeto.”
Erredakzioa itxi baino lehen ez dugu partidaren emaitzaren berri izan, beraz, hurrengo zenbakian argitaratuko dugu honen berri.