Greba orokor deialdi zabala maiatzaren 21erako

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 18a

Euskal sindikatuen gehiengoak (ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru) datorren ostegunean hilak 21 greba egiteko deia luzatu dute. Guztiek bat egiten dute oro har diagnostikoan: Ekonomia krisialdian baldin bada, administrazioek eta enpresarioek bidezkoa izan ez diren jokabidearen ondorio izan da, eta langileek grebaren bidez adierazi nahi dute ez daudela eurek sortu ez duten krisialdi egoera ordaintzeko prest. Gainera, agintari politikoen erabaki guztiak hain juxtu egoeraren errudun eta erantzule izan direnen mesedetan hartzen ari direla salatu dute. Horregatik eskatzen dute erantzun bat, ez bakarrik langileena, baizik eta gizarte osoarena.

Ostegunean greba orokorra egiteko eskatu duten euskal sindikatuek argi dute krisialdi egoerara zeren ondorioz iritsi garen eta zeintzuk diren horren aurrean bidezko jokabideak. Eskaera horiei oihartzuna emateko langile eta oro har gizarteari ostegunean lanik ez egiteko eskatzen diete.
Diagnostikoan ez dago alde handirik. ELA sindikatuko ordezkariek adierazi digutenez, “Botere ekonomikoen neurririk gabeko diruzalekeriaren ondorioa da egungo krisia. Horretarako, gobernu eta erakunde politikoen urtetako laguntza izan dute” eta ez daude ELAkoak hori ordaintzeko prest: “Gainera, sistemak porrot egin duen honetan gehiago lapurtu nahi digute: kontu publikoak arpilatuz, zergak ordaintzera ukatuz, lan baldintzetan xantaiatuz eta langileak egoera honen pagatzaileak bihurtuz”. Baina ELAren iritziz, garbi dago, “azken hamabost urteotan herri honetako aberastasuna asko hazi da. Gutxiengo bat, finantza eta enpresari klasea, aberastasun horren zati handienaren jabe egin da. Bitartean, langileok ez dugu txintik irabazi ongizatean. Guztiz alderantziz. Orain, gorriak ikusten ari gara. Enplegua suntsitzen da, arrazoirik gabe kaleratzen da, behin behinekoei ez zaie kontratua berritzen... Krisia deitzen diote honi. Eta krisiaren aurrean denok ontzi berean goazela diote. Baina hori ez da egia. Ez dugu onartuko! Bidegabeko sistema aldatzeko garaia iritsi da”.
LABek antzeko iritzia dauka. Egoera larria da, sistema kapitalistak sortua baina langileari ordaindu arazi nahi diote. Jon Martinek adierazi digunez, “egungo egoera benetan larria izaten ari da Euskal Herriko langileriarentzat. Langabezia izugarri egin du gora, enpresa askotan aldi baterako Lan Erregulazio Txostenak, etab. Zerbitzuetako sektorean izugarrizko lan postu pila deuseztatu dira isil isilean, gehienak emakumezko aurpegia dute. Guzti honi krisi egoera profitatuz enpresariek lantokietan ezarri duten ezegonkortasun eta prekarietatea gehitu behar diogu.
Garbi dagoena, egoera hau sistema kapitalistak berak sortu duela. Baina beti bezala langilegoari ordaindu arazi nahi dizkiote beraien kanibalismoaren ondorioak”.
STEE-EILAS sindikatuak ere egoera oso larria dela uste du. “Ez dugu neurri edo arau zehatz baten kontra borrokatzen, ez baitute neurri berezirik hartu behar izan milaka langile kale gorrira bidaltzeko, ez dute murrizketarik ezarri paroa kobratu gabe gero eta langabetu gehiago uzteko, hain kaskarra baita eratuta dagoen lan merkatua. Hala ere, patronalek langileak kaleratzeko malgutasun handiagoa eta pentsioen murrizketa aldarrikatzen dute; Baina, krisi honetatik ez gara aterako aberatsei diru gehiago emanez, orain arteko gehiegikeriak errepika ditzaten.
ESK sindikatuko Joxean Cuestak adierazi digunez, “Krisi ekonomikoa oso gogorra ari da izaten, eta jarraituko du; oso gogor ari da astintzen langileria modu askotan: langabezia gisa, soldatak izoztuz, leku-aldaketekin...; modu gogorrago batean astintzen ditu langileriako zenbait sektore: etorkinak, emakumeak eta gazteak; aplikatzen ari diren politika publikoak klasistak dira, beti ere bankaren alde eta ez jende normalaren alde; egoera honek amorrua eta haserrea sortzen du biztanleriaren sektore askotan”.
Hiru garraiolarien sindikatuak ere luzatu du greba orokorra egiteko deia. Orian duten bulegotik erantzun digute sektorearen egoera larria dela baina hilabete gutxi barru “dramatikoa” bilakatu daitekeela. “Izan ere, ehunka garraiolari autonomoek lana galdu dute jada, eta beste batzuek ozta-ozta ari dira egoerari eusten. Gainera, egoera ekonomiko larri horretan garraiolari autonomoek finantza erakundeek kredituak eta abalak emateko jarri dituzten trabei aurre egin behar diete, ordaintzen ez duten edo oso berandu ordaintzen duten bezeroekin jokatu behar dute, eta enpresa handiak tarifak jeisteko egiten ari diren xantaiei aurre egin behar diete. Hortaz, hemendik eta urtea amaitu bitartean garraioaren sektorean gauzak larriagotuko direla uste dugu, izan ere instituzio publikoak ez baitira inolako neurririk hartzen ari porrot egin duen sistema hau aldatzeko, eta krisia eragin duten finantza eliteak, eta espekulatzaileak zigortzeko. Eta hori da hain zuzen ere, greba orokorrera deitzeko arrazoi nagusietako bat”.

Aldarrikapen nagusiak
Greba orokorra deitu dutenen aldarrikapen nagusiak langileen aldekoak dira eta kritikak aldiz, agintari eta enpresarien aurkakoak. Esaterako ELAren aldarrikapen nagusiak, enpresariei begira, enplegu suntsiketaren amaiera, soldaten igoera, bere ustez “ez da egia soldata gutxituaz enplegua mantentzen denik. Soldatek ez dute, inolaz, egoera honetan erantzukizunik” eta beste eskaera bat lan baldintza duinak dira, hau da lan baldintza kaxkarren amaiera, behin behineko langileak finkoak bilakatuz.
Administrazioari begira, ELAren eskakizun nagusiak gastu publikoa handitu eta enplegua sortzeko erabili dezatela, fiskalitatea zuzenagoa izan dadila: gehien irabazten dutenek gehiago ordaindu eta gutxien dutenek gehiago eskuratu ahal izateko. Giza prestazioak eta estaldurak handitu ditzatela eta politika publikoen diseinuan kontrol eta partaidetza soziala eta demokratikoa bermatu dezatela.
LABen aldarrikapenak ere argiak dira: “Enplegu suntsiketarekin bukatzea, aberastasuna modu justu batean banatzea, langileok erabaki sozio-ekonomikoetan parte hartzeko eskubidea, azken finean Euskal Herrirako eredu ekonomiko eta sozial justu bat”. Honen aritik LABek uste du, 21eko greba orokorra mugarri garrantzitsuaizango dela, garrantzitsua izando dela greba arrakastatsua izatea, baina egun honetako aldarrikapenak ez direla horretan gelditu behar, langileeen aldeko borrokak 22tik aurrera jarraitu behar duela.
ESKren ustez greba orokorrarekin bat egin behar da egungo krisiaren aurka protesta egiteko, izan ere langileria ez da krisi honen errudun. Urte guzti hauetan milioi askotako irabaziak izan dituzten banketxeak, enpresak eta multinazionalen kontura izan behar du krisi hau. Ez zituzten beraien irabaziak sozializatu eta orain beraien galerak guk ordaintzea nahi dute.
Protesta ere egin behar da Gizarte Segurantzari egin beharreko enpresen kotizazioen izugarrizko beherakadarengatik, kaleratzeak merkatu izanagatik, EREen baimen administratiboa ezabatzeagatik...
STEE-EILASen iritiz greba deiarekin bat egiteko nahikoa arrazoi da baldintza kaxkarretan edo krisialdia pairatzen ari diren langileekin elkartasuna, baina irakaskuntzaren sektorean dagoen prekarietate maila handia ere salatzen dute: “horren aurka borrokatu nahi dugu. Haur eskoletatik abiatuta unibertsitateraino joanda, hainbat bekario, ordezko edota praktiketako irakasle topa dezakegu, egun batetik bestera kontraturik gabe aurkitzen den langileria, oporrak kobratzen ez dituena, tokiz toki ibili behar duena, soldata txikiagoa kobratzen duena... Hezkuntzako zerbitzuetan, jantokietan, garraiotan... aritzen direnek asko dakite prekarietateaz.”
Hiru sindikatuak ere, oro har greba egiteko dauden arrazoiekin batera bere sektorekoak aipatzen ditu. “sektorean arrazoi mordoa ditugu grebara deitzeko. Batetik, garraioan gertatzen ari den lan suntsiketa salatu nahi dugu, baita bezeroen xantaia eta jasaten ditugun presioak, eta instituzio publikoen babesarekin ezartzen ari den garraio eredu prekarioa ere. Bestetik, eta etorkizunera begira, garraio eredu propioaren aldeko aldarrikapena egin nahi dugu, garraiolarien parte hartzearekin eta gu baztertu gabe diseinatzen den garraio eredua, euskal gizartearen beharren arabera eraikita eta ez espekulatzaileen interes ekonomikoen arabera”.

Krisiari aurre egiteko
Garraiolarien sindikatuaren ustez “Krisiari aurre egiteko modu bakarra egungo sistema ekonomiko eta soziala aldatzea da, sistemak eragin baitu krisia. Sistemaren porrota frogatu denean sistema bera hondotik atera nahi izatea logikaren kontrakoa da. Haatik, elite ekonomikoak eta politikoak horretan ari dira buru belarri, eta langileon ardura da horri aurre egitea da, eta elkarlana bultzatuta alternatiba berri bat eraikitzea”.
ELAk krisiari aurre egiteko hiru eskaera konkretu egiten ditu: Batetik, “ekonomi, lan eta gizarte politikak Euskal Herrian bertan erabaki daitezela. Horregatik lan eta gizarte arloan legegintzako ahalbidea exijitzen dugu eta erabateko eskumenak Gizarte Segurantza, Lan Osasuna eta Formakuntzeta Enpleguan”. Bestetik, ELA ez dago ados Nafarroan indarrean dagoen eta Erkidego Autonomoan ezarri nahi den elkarrizketa sozialaren ereduarekin eta Euskal Herrian garatzen diren politika publikoak langile klasearen interesetara bideratu behar direla uste du. “Ez dugu onartzen errenta altuei emandako tratu fiskala ez eta gastu sozialaren urritasuna. Europan atzealdean gaude presio fiskalean eta gastu sozialean”.
STEE-EILASen iritziz, diru publikoaren banaketa da gakoetako bat. “Bankuei emandako beste diru gastu sozialetan inbertituz gero krisiaren ondorioak askoz arinagoak lirateke. Zerbitzu publikoen sorrerak, gainera, enplegu duina sortzea ekar dezake. Zergen sistema aldatu egin behar dugu. Zerbitzu publiko sendoak eta unibertsalak mantentzeko diru asko behar da. Sozietateen gaineko zerga jaitsita, ondarearen gaineko zerga desagertuta eta PFEZren gaineko gehieneko tipoak murriztuta, askoz diru gutxiago eskatzen zaie gehien dutenei gastu sozialetan beharreko hazkundea izateko. Paradisu fiskalekin amaitzeko ere ez dugu neurri eraginkorrik ikusi. Beste politika publikoak nahi ditugu.
LABek uste du krisiari buelta emateko, zalantzarik gabe, “egoera honetan langileriaren interesen aldeko borroka indartu behar dugula, bestela patronalak egoera profitatuko du guztion eskubideak murriztu, eta beraien poltsikoak gure izerdiaren kontura loditzen jarraitzeko”. LABeko ordezkariek garbi daukate “Euskal Herrian badagoela nahikoa aberastasun, gakoa da nola egiten den banaketa, horrek zerikusi handia edukiko du krisiari aurre egiteko halako edo bestelako neurriak hartzeko garaian”.
ESK sindikatuaren esanetan, krisiari buelta emateko ezinbestekoa da Batasun Sindikala eta langileriaren gehiengoarena. “Akats bat dela iruditzen zaigu Greba Orokorrera dei egin aurretik CCOOek eta UGTk gainontzeko sindikatuak kontutan ez hartzea, nahi den arrakasta lortzeko ez baita modurik onena. Dena dela, aurrera pauso bat izan behar du ekintza bateratu gehiago, jendetsuagoak eta erabakiorragoak antolatzeko krisi kapitalistari aurre egiteko”.
Bukatzeko sindikatu guztiek bat egiten dute lasarteoriatar guztiak maiatzaren 21ean greba egin dezaten eskatzerakoan.