Hondakinen kudeaketa aztergai

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 18a

Kontsumo, Merkataritza eta Sanitateko Departamentuak Artelatz S.Coop. enpresari esleitu zion hondakinen kudeaketari buruz herritarrek duten pertzepzioaren ikerketa.
Martxoan, guztira 470 elkarrizketa egin dira lasarteoriatar herritarren artean, ahalik eta erradiografiarik zehatzena lortzeko.
Errepresentagarritasun handiagoa izate aldera, lagin-hautaketa egin da 25 puntutan, kanpo-lana egiteko . Honela, udalerri osoa banatu da zona ezberdinetan: Erdialdea, Sasoeta, Zumaburu, Goikale, Oztaran, Atsobakar, Zabaleta, Basaundi, Oria eta Antxisu.
Inkesta anonimoa izan da, eta aurrez aurre egin da pertsona entrebistatuen etxebizitzetan. Galdeketa 35 galderak osatu dute, eta 20-25 minututako iraupena izan dute gutxi gora behera.

Datuak
Behin ikerketa bukatu ondoren, ostegunean kulturetxeko hitzaldi aretoan prentsaurrekoa eskaini zen hondakinen kudeaketarekiko hiritarren pertzepzioei buruzko ikerketak eman dituen emaitzak azaltzeko. Bertan Ricardo Ortega Ingurumen Batzordeko Lehendakaria, Artelatz Ingurugiro Zerbitzuko Mikel Urruzola eta Iñaki Iurrebaso soziologoa estudioaren lan arduraduna (Aztiker enpresakoa) aritu ziren.
Emaitzen txostenaren arabera inkestatutako pertsona gehienek (%95,5) azaldu dute etxean sortzen dituzten hondakinen parte bat behintzat bereizten duela. Lasarteoriatar gehienek (%80) badakite non utzi behar dituzten beira, papera eta kartoia, plastikozko ontziak eta abar.
Hala ere inkestak adierazten du informazio maila baxua dela (%20 baino gutxiago) bideokaseteak eta Cdak, fluoreszenteak, kristalezko edalontziak eta plastikozko jostailuak non bota behar diren jakiteko garaian.
Portzentajea baxua da ere (%20 eta %50 artean) tresna elektriko eta elektroniko txikien, pinturen, disolbatzaileen eta bernizen norako egokia adierazten dutenen artean.

Beste ekintzak
Sentsibilizazioa lantzeko ekimenak burutuko dituzte, hala nola, informazio karpa eta Eko Center eta Urnietako sailkapen plantara bisita gidatuak.
Informazio Karpak maiatzaren 23an eta ekainaren 5eanOkendon, maiatzaren 27an eta ekainaren 10ean merkatuan eta maiatzaren 30ean K.Nagusia 32an (De Miguel farmazia) jarriko dituzte. Bisitak berriz ekainaren 1ean euskaraz 09:00-11:30 eta ekainaren 16an erdaraz 09:30-12:00. Bisitara joateko izena eman behar da 943 670249 zenbakian.