250 neska mutil inguru izango dira bihar asteartea Kultur Etxean ahozkotasunaren jaialdian. Landaberrin 5. eta 6, mailako zortzi talde ari dira Unai Muñoarekin bertsolaritza ikasten, Sasoetan 4. eta 5. mailako lau talde eta talde bakoitzean gutxi gorabehera 20 bat lagun dira. Bertso irakasleak adierazi digunez, "talde bakoitzak bertsoarekin lotutako 5-8 minutuko emanaldi bat prestatu du. Erabat beraien produkzioak dira, beraiek erabaki dute, zer egingo duten, zein bertso kantatuko dituzten,... ideiatik hasi eta bukaeraraino, ni beraien bidelaguna izan naiz"
Aurtengo emanaldian berrikuntzaren bat badagoela aitortu digu Muñoak: "Landaberriko bi taldek bertsoa bera erabili ordez bertsoaren baliabideak erabili dituzte, beraien gustuko kantak abestuko dituzte letrak aldatuta, eurek egindako letrekin. Badaude bertso zaharrak kantatuko dituztenak ere, beraz, bertsolaritzaren oinarria uztartu dugu, iragana eta etorkizuna; nondik gatozen eta bertsoaren ibilbidea zein den ahaztu gabe, inolako konplexurik ez daukagu etorkizunera egokitzeko".
Unai Muñoak bost urte daramatza honetan lanean eta proiektuaren nondik norakoak eman dizkigu: "Gure lana ez da bakarrik hezkuntzaren barruan bertsolaritza ematea, baizik eta bailaran ekosistema oso bat sortzea. Guk hiruki bat irudikatzen dugu bertsolaritzaren transmisioaren plan estrategikoan, eta hirukian ikusten dugu, hezkuntza arautuan egiten den lana batetik, eskola ordutegitik kanpoko bertso eskolak bestetik eta jarduera osagarriak azkenik. Hor sartzen dira aparte antolatzen diren topaketak, bertso eskolen eguna, irteerak, txapelketak, saioak,... antolatzen diren ekintza ezberdinak. Guk nahi duguna zera da herri guztietan hiruki hori bermatu hau da, hezkuntza arautua, bertso eskolen harrobi izango dena, bertso eskola bertsolaritzaren harrobi izango litzakeena eta jarduera osagarriak, ekosistema hori elikatzen eta bizirik mantentzen lagunduko luketenak, guztiak bermatu. Horretarako irakasle bat daukagu bailara bakoitzean eta bere ardurapean garatzen da ekosistema hori. Urteetako proiektua da"
Helburu nagusiak
Proiektuak duen garrantzia nabarmendu eta urtearen balantze ona egin du Unai Muñoak. Bere iritziz, "oso inportantea da proiektuaren helburu nagusiak argi izatea. Batetik begi bistakoak direnak, alegia, bertsolaritzaren iraganaren ezagutza landu eta etorkizuna bermatzea, transmisioan eraginez eta gero bertsolaritzak dituen baloreak baliatzea neska-mutilen heziketan. Ikusten dugu, batetik, ahozko jardunean trebatzen laguntzen duela bertsolaritzak, eta hori da gaur egun dugun hutsune handienetariko bat. Eta beste zenbait esparru ere lantzen dira, irudimena, diskurtsoaren garapena, ideiak antolatu, tolestu eta komunikatiboki modu eraginkor batean planteatu, elkarri zerbaitek daukan garrantzia adierazten ikasi, aportatzen jakin, hizkuntzarekin jolastu, euskararen alde ludikoa, poesia, hizkuntza erabiltzen eta maneiatzen ikasi,..."
Bost urte lanean
Pozik dago Unai Muñoa egindako lanaz: "bost urte daramatzat elkartean, nirekin batera hasi zen proiektua Buruntzaldean eta batetik ikasleen harrera izugarria izan da, oso ona, bertsolaritza gustatzen zaie, bertsolaritzan ondo pasatzen dute, beraientzako parentesi bat da eta bestetik aurrerapenak nabarmenak direla ikusten dugu, hau da, ezer ez jakitetik denak iristen dira oinarri bat izatera; bigarren kurtsoaren amaieran badakite jada bertso bat goitik behera osatzen, modu egoki batean eta bere arauak errespetatuz; hainbat doinu erabiltzen dituzte. Emaitzak begi bistakoak dira. Hau, sorkuntzari begira dago antolatua, bertsoaren ezagutzari begira baino. Baliteke aurretik bertsoari buruzko nozioak jasotzea, hainbat informazio jakitea, baina gurekin hasten dira sorkuntzan". Eta irakasleak oso argi dauka aterako direla bertsolari berriak.
Gipuzkoako herri handienetan ikastetxe gehienetan ematen da bertsolaritza. Herri txikietara oraindik egokitu gabe dago proiektua baina horretan ari dira. Bertsolaritza eta ahozkotasuna egitasmoaren Bertsozale elkarteak jarri zuen abian, duela 16 urte, lehenengo Bizkaian eta Iparraldera, Nafarroara, Gipuzkoara eta Arabara hedatu zen gero. Gipuzkoan 6-7 urte daramatza martxan, zortzi irakasle ari dira lanean eskualdeka banatuta eta zazpi mila ikasletik gora dituzte.