Beltzak Errugbi taldeko jokalari ohiak berriro elkartu eta kirol honi herrian bultzada ematea erabaki dute. 25 urte beteko dira aurten Lasarte-Oriako errugbilariek taldea sortu zutenetik, eta ez dira ospakizunetara mugatuko. Kirola indarberritzeko zenbait erabaki hartu dituzte, besteak beste errugbi eskola zabaltzea, Ostadarren sartu eta errugbi saila sortzea, eta umeey erakusteko entrenatzaile paperak ateratzea...
Ospakizunei dagokionez, bazkaria, argazki erakusketa, Euskadiko hautatzailearen hitzaldia eta sanpedrotan haurren torneoa dira antolatuko diren ekitaldietako batzuk. Hauetako batzuek badute data eta ordua baina beste batzuek finkatu gabe daude oraindik, esaterako torneoa. Jose Miguel Galdos, Euskadiko hautatzaileak "errugbi kirola, bizitzaren eskola" gaiaren inguruan hitz egingo du maiatzaren 30ean goizeko 11:30etatik 13:00etara bitartean kultur etxean.
Errugbia ikusgarria da, hori da bere ezaugarri nabarmenena eta adierazgarritasun hori isladatzen duen argazki erakusketa jarriko dute Kultur Etxean maiatzaren 25etik ekainaren 5era bitartean. Bertan, errugbiak Lasarte-Orian izan duen 25 urtetako historiako irudiak zintzilikatuko dira.
Historia
1984ko irailean sortu zen Lasarte-Oriako lehen errugbi taldea, Jesus Erro eta Sasoetako jai batzordeko ordezkarien artean. Lehen partidua, 1985eko urtarrilean jokatu zuten Anoetako estadium zaharrean. Gero, 1988tik aurrera, janzten zuen nikiaren kolorearengatik, Beltzak R.T. izena hartu zuen taldeak. Nahiz eta diru-laguntzarik ia ez jaso 1998ra bitartean 200 partidutik gora jokatu zituen taldeak eta jokalari batzuek maila handiko beste talde batzutan jarraitu zuten. Urte horietan Europan zehar hiru txango ere egin zituen taldeak, 1986a, Ingalaterrara, 1990ean Eskoziara eta 1992an Irlandara.
Historia hori eta 25 urte hauetako argazkiak beste zenbait euskarritan ere jasoko dira: XXV. urteurrena dela eta kartelak egingo dira, 2009ko egutegiak ere bai eta gainera KD bat ere argitaratuko da historia eta argazkiak jasoaz.