Lasarte-Oriako Udalak alegazio bat egin dio Usurbilgo Udalak planteatutako aldaketa bati.
Usurbilgo Udalaren asmoa Asteasuaingo kirol-ekipamendurako lur-zati baten erabilera aldatzea da eta hondakin organikoen konposta egiteko instalazio bat jartzea.
Lur-zatia Froilan Elespe parke botanikoaren ondoan dagoen gune berdea da, Atsobakar auzoan. Plan Partzialak "Kirol Parke" izan dadin xedatzen du. Bertan ez da inolako eraikuntzarik baimentzen, kirolean aritzeko direnak izan ezik.
Usurbilek hartutako erabakiak bi Udalen artean adostutako akordio batean eragina du, izan ere, leku berean ziklo-kros pista bat gaitzea aurreikusita dago. Horregatik, Lasarte-Oriako Udalak, bere desadostasuna azaldu du proposatutako erabilera aldaketarekin.
Alegazioa egitearen helburua da lasarteoriatarren interesak defendatzea. Izan ere, konposta egiteko planta jartzeak murriztu egiten baititu ondoko lur-zatiak beste edozein erabilerarako bideratzeko aukerak mota horretako instalazioek sortzen dituzten arazo eta eragozpenengatik.
Lasarte-Oriako Udalarentzat ez da nahikoa Usurbilek ematen duen arrazoia kirol parke erabilera kentzeko, izan ere, haien ustez, herrigunetik urrun dagoenez ez da oso egokia erabiltzeko eta hobe ikusten dute bertan konposta egiteko zerbitzu publikoko ekipamendua jartzea.
Lasarte-Oriako alkatearen hitzetan, "ez dute balioesten Usurbilgo herrigunetik benetan urrun baldin badago ere, ez dela gauza bera gertatzen Lasarte-Oriako herrigunearekin, eta kontuan hartu beharko da beste udalerri batekin muga egiten duen ingurunea dela".