Balioetan Hezi VI. jardunaldien irakurketa positiboa egin digute Danok Kideko arduradunek.
Parte hartzea handia egon dela azpimarratu dute, "pertsona ugari gerturatu da Manuel Lekuona kultur etxeko aretora, bataz besteko, 80 bat egunero. Hitzaldi batzuetan gehiago egon den arren, Javier Elzo edo Xabier Andonegirekin esate baterako, ia egunero 80 bat pertsona egon dira."
Honetaz gain, herritarrak ez ezik, inguruko herrietako jendea ere etorri dela jakin arazi digute, "Tolosa, edo Usurbilgo jendea etorri da. Tolosakoak, gainera, harritu egin ziren hitzaldietan hainbeste jende ikusita," azpimarratu dute. Eta hizlariek ere zoriondu omen dituzte, "hitzaldia bukatzerakoan eskerrak eman eta bildutako jende kopuruagatik zoriontzen gintuzten."
Hizlarien mailari buruz ere hitz egin digute. "Hizlariak oso onak izan dira eta gauza interesgarriak entzun ditugu. Hitzaldi interesgarriak izan dira eta ikasteko asko egon da," aipatu dute. “Gainera, nahiz eta ikuspegi ezberdinak azaldu, guztiak era batera edo bestera ideia batera iritsi dira azkenean, bakoitzarengan dagoela zoriontasuna,” atxiki dute.
Bestalde, “pena handia da adinaren bata bestekoa 50 urtetik gorakoa izatea. Gurasoak eta gazte jendea hurbildu dezakeen gairen bat bilatu behar dugu, baina zail da,” onartu dute.
Hurrengo ikasturtea
Danok Kide guraso elkartean ikastaroak aste honetan bukatzen dituztela aipatu digute. Eta, honetaz gain, maiatzaren 29an, IV. Musika Topaketen azken kontzertuak izango du leku Ama Brigitarren komentuan. Bertan, Irungo Kabigorri abesbatzak poesia, erlijio, maitasuna eta folkloreaz betetako abestiak eskainiko ditu. Hau izango da ikasturte honetako azken ekintza.
Nahiz eta oporraldia garaia izan, adierazi digutenaren arabera, Danok Kideko arduradunek ez dute atsedenik hartuko eta lanean jarraituko dute hurrengo ikasturteko jardunaldiak prestatzeko.