Bertso berriak, ikastetxeetan jarriak

jon-altuna 2009ko maiatzaren 22a

Astearteko ahozkotasunaren jaialdian Landaberri eta Sasoetako ikasleek hainbat bertso kantatu zituzten, batzuk zaharrak eta gehienak berriak, azken asteotan ikastetxeetan taldean prestatuak. Hainbat gairi buruz kantatu zuten: telebistako saioak, ametsak, maitasuna, kirola, eskola eta azterketak, besteak beste, eta askok mozorro, dantza edo keinuekin lagunduta egin zuten emanaldia. Guztien ahalegina txalo zaparrada batez eskertu zuten ikustera joan zirenek.

Ahozkotasunaren jaialdiaren amaieran txalo bat eskatu zien ikusleei Unai Muñoak, Landaberri eta Sasoeta ikastetxeetan bertsolaritza eta ahozkotasunaren dohainak erakusten eta transmititzen aritzen den bertsolariak, saioan parte hartu zutenen ahalegina eskertzeko: "Kontuan izan ideia bat behar dutela, hori azken puntuan jarri behar dute, ondoren arrazoi gehiago pentsatu behar dituzte eta ondo antolatu gero komunikatzerakoan besteak ulertu ahal izateko, eta ez ahaztu, bertsotan errimatu egin behar da, hitzak doinuan kabitu behar dute, beraz neurria, silaba kopurua ere, kontutan hartu behar da eta gainera maiatzaren 19an kultur Etxera etorri behar dira, jende pila baten aurrean jarriko dira eta bertso horiek kantatu egingo dituzte. Hori dena eskatzen diegu, hori dena eta gehiago egiten dute" esan eta hori eskertzeko adinako txaloa jotzeko eskatu zuen Muñoak.
Guztira 200 ikasletik gora igo ziren astearte arratsaldean Manuel Lekuona Kultur Etxeko oholtzara. 17:30etatik aurrera hasi berriek kantatu zuten, Sasoeta ikastetxeko bi taldek eta Landaberriko lauk. Bertsolaritza ikasten aurten hasi direnek, bertsolari txapelketa, telebistako saio ezberdinak, asmakizunak eta natura gaiak erabili zituzten bertsotarako. Saio bereziena, asmakizunena izan zen, bertsotan esan zituzten ikusleek asmatzeko eta bai asmakizunak jarri zituztenak bai asmatu behar zituztenak bikain aritu ziren. Aipagarria da, uste baino laburragoa izan zela sei talde hauen saioa.

Bertso zahar eta berriak
Ordu erdi luze bateko atsedenaldiaren ondoren, Sasoeta ikastetxeko bosgarren mailako bi taldek eta Landaberriko seigarren mailako lau taldek eskaini zituzten euren emanaldiak. Hauek landuagoak ekarri zituzten bertsoak, eta kantatzeaz gain, dantza eta antzerkia ere egin zuten. 18:45ean hasi eta ordu bete luzatu zen saioa. Bertsoek egiteko teknika ezaguna dutela eta bertsoak osatzeko erraztasuna dutela erakutsi zuten.
Landaberriko 6A gelako ikasleek taldetan banatuta beraien arteko elkarrizketak egin zituzten, atletik eta errealzaleen artean, deabru eta aingeruen artean edo ikasle eta irakasleen artean. Sasoetako 5A taldekoek ere elkarrizketak egin zituzten, tenisten artean, alkate eta isuna jarri dien udaltzainen artean eta harreman oso estua ez duten bikoteen artean.
Ondoren Landaberriko 6B eta 6D taldekoek erakutsi zuten bertso zaharrak ikastearekin batera zabalik daudela berrikuntzetara. Horrela bederatzi kanta abestu zituzten, denak euren gustukoak, baina letra aldatuta. Hauek ere gai ezberdinak jorratu zituzten, esaterako Erreala eta atletik, azterketak, emakumeen aurkako indarkeria, piruletak, ametsak, jaia, maitasuna, DBHra saltoa (“kaka zaharra DBHra joan beharra” zioten) eta abar.
Ondoren agurra kantatu zuten talde hauetakoek denek elkarrekin, hemen jasotzeko modukoa: Gaur daukagun poza ez al da nabari/aurten egin ditugu bertso ugari/eskerrik-asko denoi egotearren adi/zuen animoekin egin gera handi/muxu Muñoari/honi eta hari/bagoaz kantari/eutsi bertsoari/agur eta ohore lehen hezkuntzari.
Bukatzeko Sasoetako 5B taldekoek kirolei buruz kantatu zuten, futbola, esku-pilota, igeriketa eta tenisari buruz besteak beste eta Landaberriko 6E taldekoek bertso zaharrak ekarri zituzten Kultur Etxera, Xenpelarrek duela 160 bat urte sortutako Andre Txarraren Bentajak, eta Txirritak duela 80 urte egindako beste sorta bat kantatu zituzten.
Unai Muñoa aritu zen aurkezle arratsalde osoan zehar, eta, atsedenaldiaren ondoren, bigarren saioa hasi aurretik hitza hartu zuenean, Udalak, ikastetxeek eta Gipuzkoako bertsozale elkarteak osatzen duten hirukia nabarmendu zuen. Batetik Udalak ematen duen babesa eskertu zuen, bestetik ikastetxean partehartzea eta konpromisoa azpimarratu, bi eskolak astero astero lanean murgiltzen direla aipatuz eta azkenik Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak bultzatuta Buruntzaldean bost urtetan egindako lanaren emaitzekin txoratzen daudela esan zuen.
Proiektuak zazpi mila ikasle ditu Gipuzkoak soilik, eta Euskal Herri osoan hedatua da. Pozik zen irakaslea eta txaloa eskatu zuen ikastetxeen ahalegina, bertako irakasleena eta batez ere ikasleena eskertzeko: "zuek zarete inportanteenak eta premiazko bakarrak, gaurko protagonistak" esan zien Unai Muñoak.