Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bihar areto-futbola gustuko dutenek arratsalde paregabea igarotzeko aukera dute Lasarte-Oriako kiroldegian. Izan ere, iritsi baita Ostadar K.F.ak antolatzen duen XXVI. areto-futbol txapelketako egun handia, finalak. Lehenik, 16:00etan, kontsolazio txapelketako finalean Danena eta Siglo XX taldeen arteko norgehiagoka burutuko da. Ordu bete beranduago, Epel eta Katangak ligilako finala jokatuko dute. Eta azkenik txapelketako final nagusian, iazko irabazle den Buenetxea gogor lehiatuko da txapela mantentzeko indartsu datorren ISU Leihoak taldearen aurka.
Omenaldia Baina final handiaren aurretik, urtero legez, Ostadarrek kirolari eta elkarte bat omentzen ditu. Aurtengo sarituak, kirolari onenaren sailean, Beñat Elizalde LOKEko judoka izango da eta, Auzolan saria, Joxe Usabiagari emango zaio Odol Emaileen elkartean egiten duen lanarengatik. Aldaz taldearen igoera Bestalde, asteleheneko zenbakian aurreratu genuen bezala, Aldaz H.K. taldeak Nazional B mailara iristeko aukerak zituen larunbateko partida irabazten bazuen. Oscar Garciaren mutilek bere lana ongi bete zuten Suisaco Armentiari 1 eta 5 gailendu ostean.
Beraz, Nazional B ligara igotzea lortu dute Aldaz taldekoek eta, gainera, herriko talde bat maila horretan lehiatuko den lehenengo aldia izango da.