Jarraipen handiko Greba Orokorra ostegunekoa

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 22a

Euskal sindikatuen gehiengoak (ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE eta Hiru) atzorako Greba Orokorra egiteko deialdia egin zuten. Sindikatu guztiek bat egiten dute ez daudela prest beraiek sortu ez duten krisialdi egoera ordaintzeko aldarrikatzean. Horregatik Greba Orokorrarekin erantzun bat eskatu zuten, baina ez bakarrik langileena, gizarte osoaren erantzun bat.
Aste guztian bezala, goizeko lehenenego ordutik hasi ziren LAB sindikatuko kideak autoekin herrian zehar zabaltzen greba orokorra egiteko arrazoiak. Goizean bildu ziren ere Ezker Abertzaleko kideak Okendon, eta irekita zeuden merkatariengana jo zuten Greba Orokorra egiteko arrazoiei buruz informatzera. Ondoren, goizeko 10:00ak aldera, CNT sindikatuak kontzentrazioa egin zuen Sasoetan auzoko INEM bulegoaren aurrean Euren krisia, eurek ordaindu, Greba Orokorra lema oihukatuz eta eskuorriak banatuz.

Autokarabanak
Ia ordu berean, zenbait sindikatu eta Ezker Abertzaleak autokarabana antolatu zuten. Karabana hau herrian zehar informazioa zabaltzen ibili zen.
Arratsaldean ere beste autokarabana bat zegoen antolatuta, eta goizean bezala herritik zehar ibili eta gero Hernanin antolatuta zegoen manifestaziora joan ziren.