EAJ alderdiak Udalaren erabakia salatu du

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 23a

Lasarte-Oriako EAJk bere iritzia eman du 2009rako Udal Aurrekontuak direla-eta. Asteazkenean burutu zen prentsaurrekoan, alderdiko Oskar Sevilla, Estitxu Alkorta eta Kalisto Maritxalarrek gogor salatu zuten Udalaren gobernu taldeak erakutsi duen arduragabekeria, herriaren diruak kudeatzeko gastuen eta sarreren aurrekontua ez aurkeztea erabaki duelako.
Inguruko herrietako udalek aurkeztu dutela eta Lasarte-Oriakoaren erabakia gaitzesten dute "ez dago aitzakiarik halako jauntxokeria egiteko. Herri erakunde batean herriaren diruak kudeatzen dituzten guztiek betebehar hori dute, hain zuzen ere, aurrekontuak egin eta aurkeztekoa."

2008ko aurrekontua

2008ko aurrekontuaren luzapena eskatuko du Udalak, baina aurrekontu horren aurka ere agertu zela azpimarratu du alderdi jertzaleak.
"45 milioi eurotakoa izan zen aurrekontua, eta 2008ko apirilaren 30ean onartu zen. Garai hartan argi eta garbi adierazi genuen, eta publikoki salatu ere, aurrekontua amets bat zela, guztiz. Diru sarrera batzuk kontuan hartzen ziren, nahiz jakin, ordurako, sarrera horiek ez zirela inoiz iritsiko; baina, orduan esan genuen moduan, kontu bakarra zen hitz merkeak esatea, historiako aurrekonturik handiena zelakoan," adierazi zuten.
Gainera, aurrekontu horren % 59,18 bakarrik gauzatu dela, eta urtea 3,5 milioi euroren zorrarekin amaitu zela ere jakitera eman zuten.

Ardura eskatu

Hau guztiagatik, ardura pixka bat eskatzen dio EAJk Udalari kontuak egiterakoan. "Diru sarreren azterketa zentzuzkoa egin, hitzartuta dauden gastuei aurre egiteko bide egokiak bilatu, gastu batzuei lehentasuna eman eta beste batzuk baztertu. Betiere, gastuak ez daitezen sarreren gainetik joan," aipatu zuten.