Oinatz taldea asteburu pasa Araban

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 24a

Valderejo parkea,Añanako gatzagak edo Nerbioi ibaiaren jaiotza izango dira Oinatz taldeak ekainaren 6 eta 7an bisitatuko dituen lekuak. Ibilbide eta leku interesgarriak ezagutzeko aukera izango da, baita kondaira eta ohitura bereziak entzutekoa ere. Gainera, gaubela egingo da eta, eguraldiak laguntzen badu, teleskopioarekin izarrak eta ilargi betea ikusteko aukera izango da.

Oinatz taldea asteburu pasa doa oraingoan. Eguneko txangoak alde batera utzi eta ekainaren 6 eta 7an Arabako Gaubea edo Valdegoviako eremuan barrena egingo dute.
Ekainaren 6an, larunbata, goiz kotxeak hartu eta Valderejo parkera egingo dute. 1992an sortua, Arabako lehenengo parke naturala izan zen. Bertan parkeko botanika eta transhumantzia eremuak ezagutzeaz gain, Eremiten kobazuloak bisitatuko dituzte.
Ostean, Villanañera joan eta Varonatarren Torrearen bisita gidatua egingo dute. Duela gutxi berriztatutako dorretxe hau, gotiko estiloko gotorlekua da. Dorretik, gainera, Batxikabo mendiaren ikuspegi ederra ikus daiteke, baita haraneko herri ugariena ere.
Kanpinera egin baino lehen, Añanako gatzagak ezagutzeko aukera izango dute Oinatzeko lagunek.
Eta egunari bukaera emateko, Angosto kanpinean gaubela antolatuko dute. Ilargi betea da eta teleskopioarekin izarrak ikusteko aukera ere egongo da nahi duenarentzat, beti ere, eguraldiak laguntzen badu.

Nerbioi ibaiaren jaiotza

Igande goizean, Angostoko Santutegiaren txanda izango da. Erreka alboan eta haizpean dago santutegia eta, esaten denez, 1098an Hernando Marin artzainak Ama Birjinaren irudia aurkitu zuen lekuan.
Ostean, Santiago mendian otsotegiak eta Nerbioi ibaiaren jaiotza ikustera joango dira Oinatzeko lagunak.
Asteburu pasari bukaera emateko, Orduñako portua jaitsi eta Bizkaira egingo dute, Orduñako aduana ezagutzeko.
Oinatzeko lagunek eremu guztiko berezitasunak, historia eta kondairak ezagutzera emango dituzte, hala nola, otsotegietan nola ehizatzen zen edo Varonatarren alabaren edo Angostoko santutegiko kondairak.

Antolakuntza

Antolatzaileek jakin arazi dutenez, txangoa kotxez egingo da eta Lasarte-Oriatik ahalik eta kotxe gutxien joaten saiatuko dira.
Bestalde, larunbateko hamaiketako, bazkaria eta afaria eta igandeko gosaria bakoitzak eraman beharko dutela jakin arazten dute. Igandeko bazkaria Orduñako taberna batean izango da.

Izena ematea

Arabako lurralde paregabe hauek bisitatu nahi dituenak, Ttakun kultur elkartean edo 943 37 14 48 zenbakian eman dezake izena. Prezioa 20 eurotakoa da, etxola, sarrerak eta igandeko bazkaria barne. Izena emateko azken eguna ekainaren 1a izango da.