Haur eta gazteentzako sekulako jaialdia

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 24a

Maiatzaren 30 larunbata Michelingo kirol gunean, festa nagusi izango da. Izan ere, Lasarte-Oriako haur eta gazteek primeran pasatzeko aukera ezin hobea baitute, Amaraun, Gazte Klubeko eta Eskola kiroleko jaialdietan.

Amaraun Jaialdia

Hainbat gauza egongo dira etxeko txikientzat Amaraun jaialdian.
11:00etatik 13:00ak arte eta arratsaldeko 15:00etatik 17:30era puzgarriak eta tailer ezberdinak.
Honetaz gain Amaraun ludotekako txokoa, argazkia ateratzeko aukera, Amaraun klubeko panpinen aurpegien "brotxea" eta jolasak, hala nola, arrautza eta zaku karrera edo txapa zirkuitua.
Material birziklatuarekin egindako Jostailuen erakusketa bat ere egingo da. Erakusketa honekin haurrei jolasteko eta ondo pasatzeko aukera eskaini nahi zaie, bide batez berrerabilpena bultzatuz. Gainera, parte hartzaile guztiek saritxo bat jasoko dute.
13:00etatik 15:00etara Amaraun klubeko bazkideen bazkari ofiziala egingo da, hau 4-5 urtetik gorakoentzat izango da.
17:30etik 18:30era Amaraun panpinen ekitaldia burutuko da eta 18:30etatik aurrera Txan Magoaren magia emanaldia ikusteko aukera izango da.

Eskola kirola eta Gazte Kluba

Eskola kirola jaialdia goizean burutuko da eta LH1 eta DBH4 arteko gaztetxoei zuzendurikoa izango da.
Kirol ezberdinak landuko dira adinaren arabera, honela aurrebenjaminekin kirol hastapena egingo dute jokoei esker; benjaminek goizean futbola eta atletismoa eta arratsaldean tenisean aritzeko aukera izango dute; alebinak saskibaloian eta futbolean arituko dira eta herrikoez gain Usurbilgo Udarregi ikastolako bi taldek hartuko dute parte eta infantilak saskibaloian arituko dira.
Saskibaloiko partidak kiroldegian jokatuko dira eta gainontzeko guztia Michelingo kirol gunean. Antolatzaileek jakin arazi dutenez, izena eman beharko da bertan parte hartzeko.
Nahi duenak bokata eraman eta 15:00etatik 18:00etara Gazte Klubeko Jaialdian parte hartu dezake.
Honetan, tailer ezberdinak izango dira, biserak, zapiak edo malabareak egitekoak, karaoke-projektorea eta quadsetan ibiltzeko aukera.