Xirimiri elkarteak 18 urte bete ditu

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 25a

Xirimiri elkartea heldutasunera iritsi dela esan daiteke 18 urte bete baititu aste honetan. Eta sasoi onean iritsi dela esan dezakegu. Astean zehar bi hitzaldi eta diapositiba emanaldi izan ziren, nazioartean puri purian dauden bi egoerei buruz, Kolonbia eta Sahara. Eta larunbatean ospakizunei erremate bikaina eman zioten, goizean Buruntza mendira igoz, eguerdian elkartean bazkalduz, eta ondoren mus txapelketa, rock kontzertua eta amaitzeko dantzaldiarekin. Egun guztiko egitarau bikaina.

Arrano beltza, ikurrina eta Euskal Presoak Euskal Herrira ekartzeko eskatzen duen bandera Buruntzako puntako gurutze gainean dira. Xirimiri elkartearen 18. urteurrena dela eta, larunbat eguerdian jarri zituzten Bai Euskal Herriari aldarrikatuz antolatu zen mendi irteeran parte hartu zuten lasarteoriatarrek.
Larunbatean egun osoko ospakizuna egin zuten elkartean. Batetik bazkarian giro bikaina izan zen omenaldi eta guzti, ondoren egin zen mus txapelketan helduak nagusitu ziren, Joxe eta Rafa, eta gauean Aguraingo Opium eta Sortuz taldeen rock kontzertuan zahar eta gazteak bildu ziren. Bukatzeko, gauean herriko trikihots taldearekin dantzaldia izan zen.