60 lagunetik gora bildu ziren atzo eguerdian Peña Taurina Palomo Linares elkartean hau sortu zenetik 42 urte bete direla ospatzeko. Hasteko, ondoan duten Zumaburuko elizan, jada hilak diren elkarteko bazkide ohien omenezko mezan izan ziren eguerdiko 12.30etan, ondoren elkartean bertan bildu ziren bazkide eta inguruko herrietako beste zezenzale elkarte batzuetako ordezkariak.
Hain zuzen ere, Donostiako Altza auzoko Serranito, Errenderiko Camino eta hiriburuko Gros auzoko El Artista elkarteetako ordezkariak izan ziren Lasarte-Oriakoekin batera bazkarian.
Ospakizun eta bazkarian izan ziren Ramon Uribe-etxebarria herriko apaiz jubilatua eta Juan Luis Murua apaiza ere, eta aldiz gonbidatua bazegoen arren ez zen Ana Urchuegia alkatea bertaratu. Manuel Morales elkarteko presidenteak Ramon Uribe-Etxebarriari eskatu zion mahaia bedeinkatzeko eta honek janak on egiteko eta edanak kalterik ez egiteko opa ondoren minutu bateko isilunea egin zen hildako bazkideen omenez.
Bazkariaren aurretik, bazkideak gonbidatuekin batera argazki bat atera zuten elkarte kanpoan ospakizunaren oroitzeko. Gero Manolo Martin eta zuzendaritzan diren beste bazkideek prestatutako bazkariaz gozatu zuten guztiek.