Antzerki Astean parte hartuko duten talde ezberdinek kolore ezberdinak hartu eta kalejira koloretsua osatu zuten larunbat arratsaldean Lasarte-Oria erdiguneko kaleetan.
Kultur Etxetik abiatuta aurretik laupabost neskamutil zihoazen zankoen gainean eta ondoren Dantza Garaikidea egiten dutenak ireki zuten kalejira zuriz jantzita.
Zazpi kolore
Ondoren zetozen antzerki talde ezberdinak, bakoitza kolore batez jantzita. Horrela zurien ondoren zetozen gorri, berde, urdin, laranja hori eta more kolorekoak.
Azkenean oso koloretsua izan zen kalejira eta ondoren Kultur Etxean Dantza Garaikidea egiten duen taldeak emanaldi bikaina eskaini zuen.
Kalejirarekin ireki da herriko VII. Antzerki Astea. Bertan Landaberri Antzerki Eskolako hainbat taldek parte hartuko dute. Esan bezala, guztira 300 aktore inguru igoko dira oholtzara, adin ezberdinetakoak, mota askotako antzerki lanak eskaintzeko.
Herrian den antzerki zaletasuna ugaritzen ari da eta aurten inoiz baino talde gehiago izanfo dira antzerki astean. 23 dira antzerkia egiten dutenak eta zazpik dantza garaikidea egingo dute. Dantza zaletasuna ere ugaritzen ari da lasarteoritarren artean eta gero eta gehiagok egiten du.
Landaberri Antzerki Eskolak antolatzen du larunbatean hasi eta ekainaren 16ra arte luzatuko den Antzerki Astea.