Isu leihoak taldeak irabazi du aurtengo Herriko Txapelketa. Hain juxtu iaz finala irabazi eta txapela eskuratu zuen Buenetxea tabernaren aurka 2-0 nagusitu ziren. Bi golak lehen zatian sartu zituen Eneko Gartziandia Gartzo jokalariak. Iazko arantza atera zuten beraz Isu taldekoek larunbat arratsaldean kiroldegian jokatu zen partiduan.
Partiduaren aurretik Ostadar Kirol Fundazioak Beñat Elizalderi eman zion herriko kirolari onenari saria. Ostadarren iritziz, LOKE Lasarte-Oria kirol Elkarteko Judo talde osoak jaso beharko luke, azken urteotan egindako denboraldi bikainen omenez, baina kirolari baten lana saritzen denez Elizalde saritzea erabaki dute. Beñat berak jaso zuen saria Ostadarreko kide baten eskutik. Joxe Usabiaga odol emaileen elkarteko kideari Auzolan saria eman diote baina ez zuen larunbat arratsaldean kiroldegian egoterik izan .
Amaieran, herriko Areto futbol txapelketako sariak banatu ziren eta parte hartu duten guztiek jaso zuten euren oroigarria, baita txapelketan zerbaitegatik nabarmendu direnek ere, gol gutxien jaso dituen atezaina, jokalari onena, gol gehien sartu dituena, kiroltasun gehien izan duen taldea,....
Txapelketako atezain onenari, gol gutxien jaso dituenari saria, Sergio Iñigok jaso zuen, hain zuzen ere finalean epaile lanetan aritu ondoren; jokalari onenari saria, Javi Gomez-ek jaso zuen, eta finaleko jokalari onenari zegokiona, Eneko Gartziandiak, azken biak Isu taldekoak. Beraiek izan dira aurten sarituenak.
Hain zuzen ere Eneko Garziandiak sartu zituen bi golak finalean, biak lehen zatian. Bigarren zatian Buenetxeako jokalariak saiatu ziren baina Kiko atezaina oso ondo aritu zen eta arrisku handiko baloi asko gelditu zituen. Beraz azkenean 2-0 nagusitu zen Isu. Finalaren aurretik Gipuzkoako igoera faseko partidua galdu zuten Anoetako Gazte Asanbladaren aurka, 1-0, baina behintzat herrikoa irabazi zuten.
Giro bikaina izan zen harmailetan ere. Ia bete egin zen kiroldegiko harmaila.
Aurretik beste bi partida jokatu ziren. Ligaxkako finalean Epel taldeak 3-1 irabazi zion Katangari eta kontsolazio finala erabakitzeko luzapena behar izan zen. Azkenean Danenak irabazi egin zion 4-2 Siglo XX taldeari.