Zazpiak bat

jon-altuna 2009ko maiatzaren 25a

Andoni Egaña txapelduna onik atera zen Lasarte-Oriako Bertso Eskolak botatako desafiotik. Azkenean epai mahaiak borrokaldia hutsean utzi zuen, ez batak ez besteak ez zuen bestea nabarmen txikitu eta agian hurrengo urtean beste borrokaldi eta round batzuk egingo direla aurreratu zuen epai mahaiaren ordezkari lanetan aritu zen Joxe Kruz Labakak. Boxeo borrokaldi itxura hartu zuen desafioak, asaltotan banatuta, bakoitzean Bertso Eskolako ordezkari batzuek aritu ziren Egañarekin lehian. Arrieskaleta elkartean afaldu zuten 50 lagunek ondo pasa eta makina bat txalo jo zuten. Bertso eskolako zazpi lagunek talde bat osatu zuten eta lan gehiena egin zuena Andoni Egaña izan zen, banaka edo taldean denei aurre egin behar izan baitzien. Egia esan oso ondo defenditu zen eta berriro txapela janzteko hautagai dela erakutsi zuen.

Andoni Egaña bertso eskolako zazpi kideren aurka aritu zen, hasteko Zigor Iriondo eta Iñaki Petxarroman izan zituen aurrean, ondoren Asier Azpiroz, Beñat Iguaran eta Ane Labaka gaztetxoak, gero Evaristo Pikabea eta azkenik Unai Muñoa, azken bi hauek banaka. Pablo Suberbiolak jarri zituen gaiak eta Joxe Labakak jaso zituen asalto bakoitzean txandaka epaile izan ziren ikusleen botoak.
Boxeo borrokaldi moduan planteatu zuten lehia eta asalto bakoitzean mahai batek zeukan erabakia. Lehen lau asaltoen ondoren bina ziren Egaña eta Lasarte-Oriako Bertso Eskola, berdinketa hausteko beste bi asalto jokatu ziren baina ez zen hautsi ezta azken buruz burukoan ere, beraz hurrengo urterako hitz-ordua jarriz amaitu zen saioa.
Lehen asaltoan Petxa eta Zigor aritu ziren Lasarte-Oriako taldean baina lehen mahaikoek 6 puntu eman zioten Egañari eta bakarra bertso eskolari.
Ondoren Azpi, Ane eta Beñat gazteek lortu zuten lehen puntua herrikoentzat (3-5). Egañari lan zaila jarri zion Suberbiolak errima berbera erabili behar baitzuen hiru bertsolari gazteei emandako erantzunetan. Hamarreko hiru bertso bota zituzten bakoitzak, beraz meritu handiz 45 bertsotan errima berbera erabili zuen eta poto nabarmen bat bakarra egin zuen Egañak.
Evaristo Pikabeak ere puntua eman zion Lasarte-Oriari, zazpi boto eskuratu zituen eta hiru Egañak hirugarren mahaian. Evaristok saio polita osatu zuen eta "filarmonika" jotzen bukatu. Egañak todoterrenoa dela erakutsi zuen berriro eta berak ere jo zuen fandango bat eskusoinuarekin.
Azkenik Unai Muñoa eta Egaña aritu ziren librean. Saio luze eta atsegina osatu zuten eta laugarren mahaiaren iritziz, txapelduna nagusitu zen 6-2.
Berdinketa hausteko beste bi saio egin zituzten: gaztetxoen aurrean Egañak antzerki edo imitazioak ere egin zituen, Sebastian Lizaso eta Mañukortaren paperean aritu baitzen, eta 6-1 nagusitu zen.
Azkenik Zigor Iriondo eta Petxak azken asaltoa bereganatu zuen 5-0 emaitzarekin eta berriro ere berdinketa zen markagailuan. Hau hausteko azken saio bat egin zuten denek batera. Egañak boxeorako aurkariek zituzten dohain eta ahuleziak bilatu behar zituen hauengan eta ederki moldatu zen.
Evaristori argala izanik haize apur bat ateratzen bada bakarrik eroriko dela bota zion; Aneri ausardia falta kolpe erabakior bat emateko; Beñaten akatsa zintzoegia izatea dela, Petxak pentsamendua alaban jarrita daukanez otzan ikusi zuen, Azpiri Zubietarra izanda Lasarte-Oriako taldean aritzea leporatu zion, Zigorri berbetan duen trebetasuna bertsotan ez izatea eta Unairi berak bakarrik egiten duela konbatea. Baina esan bezala berdinketa ez zen hautsi.
Giroa bikaina izan zen Arrieskaleta elkartean burutu zen afarian eta baita gero afalosteko bertso saioan ere.