Era berean, txosten horretan agertzen diren hainbat datu nabarmendu nahi izan zituen.
”Herritarren %4,3a soilik erraustegi planta Zubietan jartzearen alde dago eta %81,5a berriz aurka. Honi buruz iritzia eman duten gehiengoa, %48,5a errausketaren aurkakoa da,” azpimarratu zuten.
Gainera, “gehiengoak %94,4 administrazioak materia organikoaren bilketa sustatu beharko lukeela uste dute. Herritarren %83,1ak materia organikoa gainontzeko hondakinetatik bereizteko prest dago eta %3,8ak dagoeneko egiten du. Eta%61,5ak hondakinen bilketa atez atekoaren bitartez egitearen alde agertzen da.”
Legeak eta Udal erabakiak
Honetaz gain, 2001 urteko urtarrilak 1an indarrean jarri zen legearen arabera, 5.000 biztanletik gorako udalerrietan materia organikoaren bilketa derrigorrezkoa dela gogoratu zuten.
Baita 2008ko martxoan Lasarte-Oriako Udal Batzarrak gaikako bilketaren nagusitasuna onartu zuela ere eta ondorengoa adostu, “atez ateko sistema ezarri eta zabaltzearen aldeko jarrera adierazi eta esperientzia pilotu bat aurrera eramateko, etorkizunean udalerri osora zabaltzeko ideiarekin.”
Eta Udal Hondakinen Frakzio Organikoaren gaikako bilketa ezartzeko derrigortasunari dagokionez, Eusko Legebiltzarrak ere lege bat onartzea eskatzen duela gogora arazi zuen erakundeak.
Sistema aldaketa
Hau dela eta, Lasarte-Oria Bizirik taldeak ondorengoa adierazi zuen, “bai Lasarte-Oriako biztanleen gehiengoak, baita udal-batzarrak ere, materia organikoa gaikako bilketaren eta atez ateko sistema ezartzearen aldekoak gara.”
Beraz, Lasarte-Oria Bizirik-en ustez, udal-batzarrean onartutako esperientzia pilotuak ez luke balio behar aipatutako sistema ezartzeko edo ez, baizik eta udalerri osora zabaltzeko garaian kontutan izateko.
Sistema honen eraginkortasuna munduko herri desberdinetan eta baita hondoko herrian ere, frogatuta dagoela azpimarratu zuten, “Usurbilen atez atekoa martxan jarri duten lehen hilabetean zabortegira hondakinen %23,92a besterik ez dute eraman, 2008an berriz, %71,57a eraman zuten. Egun, hondakinen %76,08a birziklatzen da.”
Hau guztia dela eta, Lasarte-Oriako administrazioari esperientzia pilotuarekin lehen bait lehen hasi dadila eta udalerri osoan sistema hau ezartzeko beharrezkoak diren bitartekoak bizkortu ditzan eskatu zuen erakundeak, horretarako ez baitu oztoporik ikusten.
Sinadura bilketa
Era berean , Lasarte-Oria Bizirik-ek Udalak Errausketaren aurkako koordinadorak Hondakinen Euskal Legearen alde burutzen ari den sinadura bilketa sustatu beharko lukeela adierazi zuen.
Honetaz gain, ekimen honen alde sinatu ez dutenek Lasarte-Orian ondorengo lekuetan egin dezakete jakin arazi zuten, Manoli estankoa, Goxogi gozo-denda, Ekodenda Orbela, Corseteria Maya, LABeko egoitza edo ELAko egoitzan, baita erakundeak larunbata goizetan herriko kaleetan jartzen dituen mahaietan ere.