Autobusen beharra

Txintxarri 2009ko maiatzaren 29a

Lasarte-Oriako bizilagunen elkarteek gustura hartu dute orain dela gutxi martxan jarri den eta Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta, Zubieta eta Usurbil elkartzen dituen autobus linea berria. Baina bide batez beraien ardura azaldu dute gai honen eskuduntza duten erakundeen aurrean ( Lasarte-Oriako Udala eta Gipuzkoako Aldundia), izan ere Lasarte-Oriako herritarrek behin eta berriz eskatu dute hiri barnerako autobus bat eta Lasarte-Oria eta ospitaleak elkartuko lituzkeen autobus linea. Ez dugu ulertzen bi proiektu hauek zergatik atzeratzen ari diren hainbeste, gainera benetan mugikortasun iraunkor baten aldeko apustua egiten bada errentagarritasun soziala eta ekonomikoa lortzeko, dagoeneko martxan egon beharko lukete. Modu honetara alferrikako transbordoak eta gehiegizko ibilbideak saihestuko lirateke.
Egun Lasarte-Oriako bizilagun batek Ospitaletara joan nahi badu bi garraiobide erabili behar ditu: lehenengo batek Donostiaraino gerturatuko du eta bigarren batek Ospitaletara. Honek batetik erabiltzaileentzat gastu ekonomiko bat suposatzen du eta bestetik ingurumenarekiko kalte garrantzitsu bat, izan ere 7 kilometrotako ibilbide bat gutxi gora behera 15 kilometrotako bi ibilbidetan bihurtzen baita, honek dakarren energia eta denbora galtzearekin.
Azpimarratu nahi dugun beste alderdi bat hiri barnerako autobusa martxan jartzearena da, honek herriko mugikortasuna arrazionalizatuko luke neurri handi batean autoen joan etorriak gutxituz. Ondorioz CO2aren jaulkipena gutxituko litzateke eta inguruko herritarrak erdigunera erosketak, gestioak, medikutara... jaisteko egindako eskaerari erantzuna emango lioke. Zerbitzu hau alkateak publikoki eta komunikabideen aurrean martxan jarriko duela hitz eman du, baina oraindik bere horretan dago. Zeren zain egon behar dugu zerbitzu hau martxan jartzeko?

Lasarte-Oriako Bizilagunen Elkarte guztiak