Ostadarreko II. erregionalak finala jokatuko du bihar

Txintxarri Aldizkaria 2009ko maiatzaren 29a

Ostadarreko erregionaleko mutilak matematikoki mailaz igo dira eta bihar, larunbata maiatzaren 30ean, 17:00etan Usurbilen Getaria Keta taldearen aurka finala jokatu dute. Hori dela eta, taldea entrenatzen duen Iñaki Zurutuzarekin hitz egin dugu.
Denboraldian zehar eta jokatu behar duten finalari begira taldea nola ikusten duen galdetu diogu, “taldeak lan handia egin du denboraldi osoan zehar eta horretaz gain emaitzak alde izan ditugu, lehengo urtean ere lana ederki egin zuten baina orduan emaitzak ez ziren aldekoak izan.”
Aurten gainera erregionalekoak taldea sendotzeko fitxaketak egin dituzte eta lan sistema aldatu dute taldea ofentsiboagoa bihurtuz eta, ondorioz, taldea ausartagoa izan dela adierazi digu.
Hala ere, “orain garrantzitsuena minduta dauden jokalariak sendatzea da, horrela finalerako ahal den talderik osatuena edukitzeko,” azpimarratu du Zurutuzak.
Finalerako entrenamendu ordu batzuk geratzen zaizkie eta bere ustez indarrak nahiko parekatuta daude, “Ostadar teknikoki hobeto dabil; fisikoki, ordea, Getariko taldea nagusitzen zaigu.”
Beraz, biharko finala ez da samurra izango eta bi taldeek II. erregionaleko txapeldun izateko gogor lehiatuko dira dudarik gabe.