II. erregionaleko mutilak txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 1a

Partidu oso gogorra izan zen, luzapenean erabaki zelako, baina Ostadarri hasieratik jarri zitzaion partidua alde, 3. minutuan Javi Solchagak sartutako gol bati esker. Horrela, esan daiteke lehen zatian nagusi izan zela taldea, baina bigarren zatian fisikoki zertxobait behera egin zuen eta horrek Getariak hainbat aukera sortzea ekarri zuen. Hala ere, Fran Toquero atezaina bikain ibili zen, eta Getariak sortutako hainbat aukera ederki gelditu zituen. Baina partidua amaitzeko 5 minuturen faltan penaltia pitatu zuen epaileak Ostadarren aurka eta Getariak partida berdindu zuen.
Luzapeneko lehen zatian Ostadarrek indarrak atera zituen eta Eric Utielek 2-1ekoa ezarri zuen. Fisikoki taldeak behera egingo zuela ematen zuen, baina Ostadarrek borrokan jarraitu zuen eta partida erabakitzeko Alex Rodriguezek buruz 3. sartu zuen Manexek emandako baloi batekin. Zertxobait sufritu behar izan zuen Ostadarrek amaiera arte, baina azkenean dena ondo atera eta saria eraman zuten.

Jubenilak mailaz igo

Baina II. erregionaleko mutilak ez dira mailaz igotzen diren bakarrak izango. Izan ere, maiatzaren 23an, Ostadarreko jubenilen taldeak maila igoera lortu baitzuen.
Santo Tomas Lizeoren aurka jokatutako partidan, Gorka Belartietaren mutilek joko ona erakutsi zuten. Partida osoan aurretik egin zuten markagailuan eta nahiz eta donostiarrek berdinketa bilatu, 3 eta 2 gailendu zen azkenean. Festa handia sortu zen Michelinen.
Orain atsedenaldia dator eta hurrengo denboraldian, jubenilen ohorezko mailako taldea izango dugu, Gorka Belartietaren mutilena.