Herriko atletak senior mailako Gipuzkoako txapelketan lehiatu ziren maiatzaren 23an eta zortzi domina eskuratu zituzten. Horietako bat, gainera, urrezkoa izan zen, Real Sociedaden dabilen Jose Ramon Latorrek eskuratutakoa eta, beraz, hau dugu 200 metroetako txapeldun berria.
Hiru zilarrezko domina Jose Ramon berak 100 metroetan eta Donostiako taldeetan dabiltzan Iñigo Sevillanok 110 metro hesiak proban eta Leticia Tiatik disko jaurtiketan
lortu zituzten.
LOKEk lau domina
LOKEko gazteei dagokienez, zilarrezko bi domina eta brontzezko bat ekarri zituzten Lasarte-Oriara. Zilarrezkoak Maria Monterok 400 metro hesiak proban eta Irati Larrañaga altueran lortu zituzten eta Irati berak jausi hirukoitzean eta Unai Imaz 800 metro proban, brontzezkoak.
Oskar Goikoetxea entrenatzaileak adierazi digunez, azpimarratzekoa da 4x100 metro eta 4x400 metroko errelebuetan lortutako 4. eta 5. postuak.
Eskolarteko txapelketa
Bestalde, Eskolarteko Gipuzkoako txapelketako 4. jardunaldia jokatu zen Eibarren.
Bertan, Antoniano ikastolako Olatz Flores lasarteoriatarrak infantil mailako 3000 metro proban urrezko domina eskuratu zuen.
Baina ez zen domina lortzen bakarra izan, Landaberriko Ane Galardik bigarren bukatu baitzuen alebin mailako 60 metro proban. •