Ostiral gauean kantu afaria, dantza garaikidea eta dantzaldia izango dira Zabaletako plazan, larunbat gauean bertso saioa eta rock kontzertua eta igandean bazkari herrikoiaren ondoren erromeria. Zabaleta auzoko jaietako egitaraua luze eta zabala da, asteartetik igandera arte luzatuko da eta denetik izango da Lasarte-Oriako mendi inguruko auzo berezi honetan.
Haurrentzat hainbat gauza antolatu ditu jai batzordeak. Asteartetik ostegunera bitartean egunero, 18:00 eta 19:30 artean, eskulanak ala jolasak izango dituzte, ondoren antzerkia eta 20:00etan japoniar bonbak. Ostiralean antzerkiarekin hasiko dira 18:00etan, ordu erdi beranduago merienda banatuko da, eta 19:00etan opariak zozetatuko dira bertan diren haurren artean. Ondoren auzoko trikitilariak girotuko dute "Teresa" sorginaren jaitsiera.
Kantu afaria eta dantza
Gaueko 21:00etan hasiko da ostiraleko kantu afaria. Montexio eta Xumela abesbatzek parte hartuko dute. 23:30etan dantza garaikide emanaldia izango da eta gauerdian hasiko da Triki Hots eta Hitzartu taldeekin dantzaldia.
Larunbatean haurrentzat puzgarriak izango dira, 12-14:00 eta 16-19:00 artean. Gainera 18:30etan Hipo eta Tomax pailazoak iazko arantza aterako dute: ezin izan zuten bere emanaldia eskaini eguraldi txarra zela eta. Bestalde Joxe Miguel Aranzadiren omenez 2. eskoba eta mus txapelketak egingo dira, eskoba goizeko 11.30etan eta musa 15:30etan. Arratsaldeko 19:30etan Herri Kirolen txanda iritsiko da.
Gaueko 11etan Miren Artetxe eta Ane Labaka, Hernaniko Iñaki Zelaia eta Unai Agirrerekin arituko dira bertsotan, Andoni Otamendiren gaiei erantzunez. Bertso saioaren ondoren, gazte rock jaia deitu duten kontzertua eskainiko da, 00:30etik 4:00ra Mendeku Itxua eta Skasti taldeekin.
Igandean baserri giroko ekitaldiak eta erromeria izango dira nagusi eta hurbiltzen diren denei baserritarrez janzteko eskatzen diete auzotarrek.
Denetarik izango da goizeko 9:00etako diana eta auzo garbiketa txapelketatik, 20:30etako azken traka eta Teresa sorginaren agurrera: asto taxia (goiz eta arratsaldez), Landaberri ikastolako neska mutilen dantza saioa (11:00) , proba mistoa (13:00), herri bazkaria (14:30) eta ondoren erromeria Olatz eta Xabirekin, toka txapelketa eta Porrotxen bihurrikeriak (18:00) eta azkenik Usurbilgo Txerriki taldearen kaleko emanaldia (19:00).