Azken asteburuetan ere, LOKEko judokak lehiaketaz lehiaketa ibili ziren, baita dominak eskuratu ere.
Batetik Alacanten kadete mailako Espainiako txapelketa izan zen maiatzaren 23 eta 24ean eta Leire Zubizarreta judoka gazteak brontzezko domina eskuratu zuen.
Gorka Aristegi entrenatzaileak azaldu digunez, Amaia Curiel ere sailkatuta zegoen txapelketarako, baina belauneko lesio bategatik etxean geratu behar izan zen.
Honela, Leireren txapelketa oso ona izan zela adierazi du LOKEko entrenatzaileak, "lehenengo borrokak errez irabazi zituen. Finalaurrekoan, irabazten hasi zen, baina azkenean borroka galdu zuen.”
Brontzea lortzeko borrokan, judoka katalanaren aurka lehiatu zen, eta Leire oso ondo aritu zela azpimarratu du Aristegik, “burua erabiliz eta kasu egiten merezia zeukan brontzea lortu zuen.”
Gipuzkoako Txapelketa
Bestalde, maiatzak 16 eta 17, alebin taldeak asteburu polita egin zuen. Larunbatean, Gasteizen judo topaketa batean parte hartu zuten eta igandean, berriz, Gipuzkoako txapelketa izan zuten Hernaniko kiroldegian.
LOKEko txikiek ere dominak eskuratu zituzten eta txapela ere ekarri zuten Lasarte-Oriara, Oscar Garrido gaztetxoa dugu Gipuzkoako txapeldun berria. Honekin batera, Fermin Baldak zilarrezko domina eta Ander Curielek brontzezkoa lortu zituzten.