Iniciativa Internacionalista taldearen aldeko botoa eskatzeko hainbat ekintza antolatu dituzte Ezker Abertzalekoek aste honetan. Lehena asteartean izan zen, herriko kaleetan kartelak itsatsi zituzten. Atzo berriz, eguerdiko 12:30ean ekitaldia antolatu zuten. Bertan zergatik bozkatu behar zaion Iniciativa Internacionalistari azaltzeko hainbat kide igo ziren taula gainera. Horien artean Joxe Mari Agirretxe eta Beñat Iriondo igo ziren. Beñatek besteak beste egungo krisia eta egoera politiko eta soziala aldatzearen beharra aldarrikatu zuen; benetako demokrazia izateko beharra, eskubide politikoak ez zapaltzea eta genero diskriminazioaren aurka egin behar dela eskatu zuen.
Ekitaldiari amaiera emateko bazkaria antolatu zuten Okendo plazan. Menu internazionala izan zuten bazkaltzeko eta edateko barrikotea. Eguraldia lagun, giro ederra izan zuten.