Udalak kredituak eskatzea onartu zen Udal Batzarrean

Txintxarri 2009ko ekainaren 1a

Ostiralean burutu zen ez ohizko Udal Batzarrean 2009ko kredituak aldatzeko dosierra eta konpromisozko kredituak onartu ziren.
Lehenengo puntuari dagokionez eta Ana Isabel Prieto zinegotziak kredituei buruz egindako galderari erantzunez, alkateak Udalaren diru-sarrera propioak mantendu eta kasu batzuetan handitu direla aipatu zuen eta beste erakundeek eman beharrekoak berriz kale egin dutela. Gainera, kredituak ekiditeko kudeaketak egiten ari dela azaldu zuen, esate baterako, Brigitarren komentuko arkupea mantentzeko dirulaguntza eskatzea.
Konpromisozko kredituak Atsobakarreko Zaharren egoitzako lanak eta ikastoletako mantenuari dagozkie.
“Hauek gure haur eta helduen bizi kalitatearentzat onak dira,” adierazi zuen Alkateak.

Lasarte-Oriako ondarea
Bestalde, Udalaren ondasun eta eskubideen 2008ko inbentarioan egindako aldaketak ere onartu ziren PSOE eta EBko bozkekin eta beste zinegotzi guztiak abstenitu egin ziren.
Alkateak jakin arazi zuenez, Lasarte-Oriako herria sortu zenean, Udala 66 milioi pezetarekin hasi zen lanean eta gaur egun, gutxi gora behera, 94 milioi eurotako ondarea du.