Ane Labaka idatziz Gipuzkoako txapeldun

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 1a

Ane Labakak aurten ere Gipuzkoako Eskola arteko bertso paper lehiaketan lehen saria jaso du. Bertsozale elkarteak, DBHko 2. zikloan eta DBH O mailan, hau da, 15 eta 18 urte bitarteko neska mutilen artean Ane Labakaren sorta aukeratu du. Donostiako Antigua-Luberri Institutuko ikasleak jaso du lehen saria eta beste lau aipamen izan dira, horien artean da Amaia Iturriotz, hain juxtu iaz Anerekin batera lehen saria jaso zuen Urretxuarra. Besteak, Alegiako Aralar Institutuko -Iñaki Artola, Elgoibar Ikastolako Mikel Olaizola eta Tolosako Orixe Institutuko Oihana Iguaran dira.

Bat-bateko txapelketa
Gipuzkoako Eskolarteko Bat-bateko Bertsolari Txapelketa ostiralean jokatu zen Donostiako Manteo kiroldegian, arratsaldeko 4retan hasita. 15 eta 18 urte bitartekoen sailean lagun hauek aritu ziren: Asier Azpiroz (Donostiako Antigua-Luberri), Manex Mantxola (Urretxuko Garaialde Lizeoa), Oihana Iguaran (Tolosako Orixe Institutua), Ane Labaka (Donostiako Antigua-Luberri), Mikel Olaizola (Elgoibarko Ikastola), Amaia Iturriotz (Zumarraga-Urretxuko Ikastola), Imanol Irazustabarrena (Alegiako Aralar Institutua) eta Ainhoa Mujika ( Ordiziako Jakintza Ikastola).
Hamalu urte arteko gaztetxoei dagokienez, lau talde hauek jardun ziren: Goierri (Gema Urteaga, Aratz Igarzabal eta Paul Iruretagoiena); Asteasu-Alegia (Haritz Mujika, Alex Goikoetxea eta Aratz Irazustabarrena); Zumarraga-Urretxu (Leire Akizu, Beñat Torres eta Mikel Iturriotz); Hernani (Eñaut Martikorena, Elixabet Pagola, Haritz Otxo-torena eta Aingeru Otxotorena).
Txikien mailan Asteasu-Alegiko taldeko hiru mutikoek jantzi zuten txapela.
Nagusien mailan berriz, Ane Labakak bigarren postua eskuratu zuen Amaia Iturriotzen atzetik.
Amaiak eta Anek ekainaren 20an Altsasun jokatuko den Euskal Herriko Eskolartzeko Bertsolari Txapelketara joateko txartela lortu dute.
Saio majoa burutu zuten denek ere, gainera maila nahiko parekatua zuten; Asier Azpiroz berriz, oso saio ona egiten ari zen, fresko eta azkar, baina irrista txiki bat egin eta atzean geratu zen. Oso giro politta sortu zen txapelketan.