Ekainaren 5ean Ingurumenaren Munduko Egunaren nazioarteko ospakizuna izanik eta Aste Berdearen egitarauaren barruan, Manuel Lekuona kulturetxean, gaur Emausek garatutako erakusketa bat inauguratuko da, Lasarte-Oriako Udalaren Ingurumeneko Departamentuak antolatuta.
Berrerabilitako etxea izenburupean, etxe bateko hainbat gelatako altzariak irudikatuko dira, berezitasun batekin, altzari guztiak Emausek etxez etxe egiten dituen bilketetatik lortuak direla.
Ikusgai jarritako pieza guztiak saltzeko eskaintzen dira, baina, erosten badira ere, erakusketaren azken egunera arte ezingo dira bertatik eraman.
Erakusketaren helburua berrerabilpena eta kontsumo arduratsua bultzatzea da, hondakinen kudeaketa onenarekin loturiko praktikak diren heinean.
Berrerabilitako etxea erakusketa herritar guztientzat zabalik egongo da gaurtik 5a arte 16:00etatik 19:30era. Ekainaren 4 ostegunean izan ezik, egun horretan 16:00etatik 18:00etara egongo da zabalik, ostean hitzaldia baitago.
Berrerabilpenean hezi
Paraleloki, LHko 8-12 urte bitarteko gaztetxoekin modu berezi batean egingo da lan. Erakusketa modu gidatuan ikusi ahal izateaz gain, tailer bat eskaintzen zaie, erabilitako kartoizko kaxetatik abiatuz objektuak egin ditzaten.