Borondatezko lana

Txintxarri 2009ko ekainaren 5a

Herri honetan, borondatezko lanari esker atera dira eta aterako dira proiektu pila.
Laguntzaile izanik eskatzea tokatu izan zaigu: hau edo beste jartzea edo modu batera edo bestera kolaboratzea. Era horretan: pentsaera, kolore, jarrera, hizkuntza, gai eta adin guztiak izaten du leku. Komeni da ezaugarri hau izatea: ziklikoa izaterena. Funtzionatzeko era horrekin erretzeko arriskua izaten delako. Baina, ahal denean, erre aurretik, txandatzea da onena.
Premiazko mentalitatea edo pentsaera dela hau uste dugu.
Horretarako ordea eskatzen jakitea komeni zaigu. Emateko gai izan behar gara eta, zergatik ez! Pilaka endredotan galduko ez bagara, ezetz esaten ere jakin behar dugu!
Herrigintzan lanean gabiltzanok, elkarrekin lanean bat egiten badugu, fruitu goxoagoak aterako ditugu. Begi bistako hamarnaka adibide dago gure herrian.
Errespetatuak izatea premiazko eskubidea izan beharko luke, ala soilik diru bidez laguntzen duen horri zor zaio errespetua?
Laguntza eskatzen digutenean zorigaiztoko edo zorioneko senti gaitezke.
Lehenengoetan: are eta nekezago egingo zaigu agindutakoa betetzea, maldan gora bizkarrean jarri eta arindu ezineko zamaren pareko.
Bigarrengoetan bagara, gurekin kontatu dutela, parte hartzeko aukera eta proiektu horrekiko ahaidetasuna adierazteko aukera ematen digutela sentitu dezakegu. Zorioneko sentitzearen gertuko izan daiteke hau.
Gaur, bihar edo etzi zuri ere eskatu edo eskatuko dizute laguntza, nola edo hala esku botatzea; presentziarekin, sinadura emanaz, lana eginez, zerbait jarriz edo utziz.
Zure, gure esku dago erantzuna.
Guk baietz esan genuen. Txintxarri aldizkarian gure iritzia plazaratzeko eskatu zigutenean. Irakurle eta laguntzaile izan gara.
Hitz egitea ere ia bekatu bilakatu nahi duten garaiak dira hauek.
Horregatik, komunikabide baten magalean ahotsa izan dugulako pribilegiatuak sentitu gara idazten emandako urteetan.
Baina, redakzio taldekideei hau esan nahi diegu: kolaboratzaileekin kontatzen ez denean esatea dela txukunena. Zuzenean galdetu faltan ez gaude. Ikusi dugu berriro abian iritziaren zutabea, “laguntzaile finik ez da falta beraz” pentsatu dugu. Ederra da hori!
Hautsari pilatzen utzi gabe, hona gure kezkak aireratzeko aukeratu dugun modua.
Gure arteko tratua zaintzeari balio handia ematen diogulako. Laguntza eske ibiltzea zer den badakigulako. Eta gurekin kontatzea bezala, guk ere zuekin konta dezakegula pentsatu nahi dugulako,
Gure agurra herri honetan eskean eta emanean zabiltzaten guztioi.
Gora herria!

Beñat Iriondo eta Ixiar Arteaga