Gazteen beharrak finkatu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 5a

Oro har, Lasarte-Oriako gazteak pozik daude Udalak egiten dien eskaintzarekin. Eurentzat antolatzen diren ekintzak ugari direla uste dute, hala nola, jardunaldiak, kontzertuak, lehiaketak, ikastaroak... Gainera, Orrigorriren bidez, informazioa egoki heltzen zaiela iritzi diote. Udalak, baina, ekintzetan gazteen parte-hartzea eskasa dela uste du. Hori dela eta, esku-hartzea handitu eta eskaintza hobetu nahi du. Jesus Maria Zaballos, Gazteria eta Jai Batzordeko lehendakariaren hitzetan, gazteak motibatu eta ekintzetan parte-hartzera ohitu nahi dituzte. Zaballosen ustez, motibazio txikia dute gazteek, eta arazo horri heldu behar zaio lehenbailehen.
Helburu horrekin, gazteen beharrak ezagutzeko ikerketa egin berri du Udalak. Emaitzak jada eskuartean dituzte. Beharrak zeintzuk diren jakinda, orain, horiek gauzatzeko pausuak emango dituzte. Era berean, Gaztelekua nola antolatuko litzatekeen finkatu dute. Ikerketa Kalexka enpresak egin du, eta herriko 3.050 gazteri egin zaie galdeketa, hau da, herritarren %15ari. Adinari dagokionez, 14 eta 30 urte bitarteko gazteen iritziak entzun dituzte.
Antolatu nahi duten Gaztelekuak hiru gune izango lituzke. Gune batean, gazteek elkarrekin egoteko aukera izango lukete. Profesional baten laguntzarekin, euren beharrak eta interesak zeintzuk diren finkatuko lukete. Beste gune batean, berriz, gazteei zuzendutako ikastaroak eta tailerrak egingo lirateke. Informatikako txokoa, eta ekitaldietarako gunea ere bertan kokatuko lirateke. Eta, azkenik, hirugarren gunean, gazteentzako informazio bulegoa kokatzea proposatu dute. Hau da, gaur egungo Gazte Bulegoa. Hain zuzen, udal arduradunak pozik daude Gazte Bulegoak duen harrerarekin. Erabiltzaile gehien dituen hirugarren bulegoa da Gipuzkoan.

Beharrezko ikerketa
Ana Urchueguía, Lasarte-Oriako alkatearen arabera, beharrezkoa zen gazteen beharrak ezagutzeko ikerketa egitea. “Helburua gaur egungo gazteen egoera ezagutzea izan da, zein ekintza antolatzea nahi duten... Era horretan, partaidetza zenbatekoa izango den jakin dezakegu. Esan ohi da, gazteak etorkizuna direla, baina nik uste dut, oraina ere badirela. Beraz, gazteak ere kontuan hartu behar ditugu ekintzak antolatzerako orduan”.