Astelehenean Ana Urchueguia alkateak, Iñaki Mugika alkate orde eta Hirigintza buruak eta Jesus M. Zaballos Gazteria eta Festak saileko buruak prentsaurrekoa eskaini zuten azken hilabeteetan Udal gobernuak 2009ko aurrekontuari buruzko galderei erantzuna eman nahian.
Alkateak azaldu zuenez, "Lau zirriborro egin ostean, aurrekontua aurkeztu behar genuen, baina EUDELek eta Foru Aldundiak emandako datuak iritsi zitzaizkigun eta atzera egitea erabaki genuen."
"Izan ere, Foru Aldundiak 2008rako %0,5eko igoera espero zuen, baina egungo datuek %22a galdu duela diote. Hori jakin eta aurrekontua ezin genuela aurkeztu konturatu ginen," azpimarratu zuen alkateak.
"Udalaren diru sarrerak mantendu dira, arazoa Foru Aldundiak 7 milioi eman dituela da eta adostutakoak 12 zirela. Gainera, dirua bueltatu behar izan diogu", eta hau atxiki zuen "Foru Aldundiaren likidazioa da giltza."
Irtenbideak
Arazoari aurre egiteko gastuak murriztea eta inbertsio plana egitea erabaki du Udal Gobernuak.
"Instrumentu legala eman diogu herriari kredituen moldaketa eskatzean. Honela, inbertsio plana egingo dugu eta kredituak eskatuko. Hauek lanak egiteko izango dira,” adierazi zuen Ana Urchueguiak eta honela jarraitu zuen “gastua murrizten ari gara, festetako aurrekontua murriztu dugu, birziklapena egiten ari gara... Baina argi dugu gizarte gaietatik ez dugula ezer murriztuko. Gastu guztiak alkatetzatik pasa beharko dira."
Lasarte-Oriako herriaren diru sarrera kopurua ona dela azpimarratu ostean, zera aipatu zuen, "oraingoz egin beharreko ordainketa guztiak egin ditugu eta irailera arte dirua dago. Honi esker, 20 milioiko inbertsioa eskatzeko adina badugu."
Inbertsio hori lanak egiteko erabiliko direla jakin arazi du, "2008ko aurrekontuetan lan batzuk atzera bota genituen eta, horri esker, inbertsioa eskatu eta egin ahal izango dira. Horietako batzuk dira Udaletxe berria, Oriako pabilioien atzeko aldea edo Frontoi eta paddle pista berria.”
Honela, kontuak orekatzea erronka handia dela onartu du alkateak, "2010ean Lasarte-Oria ez da ongi egongo ekonomikoki, baina 2011rako oreka lortu nahi dugu. Izan ere, Foru Aldundiak eman ez dituen milioi horiek udalak aurreztu behar baititu eta kostako da.