Buruntzaldeko Udalek Aukera ezazu, aukera gehiago eta hobeak izan ditzazun DBH ondorengo ikasketetan euskaraz matrikulatzeko kanpaina aurkeztu zuten astelehenean Hernaniko Biteri kultur etxean.
Buruntzaldeko Udalek 2002an sinatu zuten euskarako egitasmoak elkarlanean emateko hitzarmena, eta horren baitan dago derrigorrezko hezkuntzaren ondorengo ikasketetan, hau da, Batxilergoa eta Zikloetan, euskararen egoera hobetzeko egitasmo hau.
Arrazoi nagusiak
Prentsaurrekoan, egitasmoa martxan jartzeko arrazoi nagusiak eman zituzten.
Batetik DBHko eta DBHOko hizkuntza-ereduen arteko desoreka nabarmena dela azpimarratu zuten. “DBHn eta Batxilergoetan D ereduaren nagusitasuna erabatekoa izan arren, Zikloetan nagusitasun hori ez da ematen.” Eta, bestetik, lan-munduan euskarak gero eta presentzia handiagoa duela. Horren adibide, Buruntzaldean euskara plana abian duten 11 enpresak dira.
Hiruorrikoa
Buruntzaldeak duen euskarazko eskaintzaren berri emateko hiruorriko bat argitaratu dute udalek. Bost udalerritan 1000 ale banatuko dira. Hiruorriko horretan, Buruntzaldean Goi Mailako Heziketa Zikloetarako sarbide-froga ikasteko dauden aukerei buruzko informazioa falta dela azpimarratu zuten.
Zikloetarako aurrematrikula epea ireki dela eta ekainaren 12ra arte egin ahalko dela gogoratu zuten.