Lasarte-Oria gogoan

Txintxarri Aldizkaria 2009ko eka. 5a, 02:00

Herriko Muntteri-AEK euskaltegiko 6. urratseko talde batek, idazmena lantzeko era berezia izan du ikasturte honetan. Rikardo irakasleak sustatuta 8 lagunek Lasarte-Oria gogoan idazlan lehiaketan parte hartu dute.
Rikardo irakasleak aipatu digunez, helburu zehatza zuen lehiaketak, ikasleek gainditu behar dituzten idazmeneko frogak prestatzeko era paregabea izan da.”

Gaia eta laguntza
Adin guztietako ikasleak daude urrats horretako gelan eta aitortu digutenez batzuei zail egin zaie gaia jorratzea. Esate baterako, “nik 21 urte dauzkat eta ez dut aldaketa askorik gogoratzen,” adierazi du ikasle batek, besteak ordea, “nik ez nekien nondik hasi, hainbeste aldatu da herria. Baina garrantzitsuena zer zen ikusi eta horri buruz idatzi dut.”
Rikardo irakasleak azaldutakoaren arabera, “hasieran gaiari nondik heldu zehaztu genuen. Txikitako oroitzapenak edo bizipenak hartu genituen abiapuntu. Ostean, egungo egoera iraganarekin erkatu eta, azkenik, etorkizuneko Lasarte-Oria nolakoa izango zen irudikatu behar zuten.”
Era honetara, irakaslearen laguntzaz, ikasturtean zehar, pausoz pauso idazlanari forma eman diote. “Gehiena etxean egin dugu. Gelan zalantzak aurkezten genizkion Rikardori eta hark laguntzen zigun,” esan digute.
Nahiz eta gela berean lanean egon, ikaskideen bakoitzaren lana zein zen jakiteko zailtasunak izan dituztela aitortu dute ikasleek. “Idazlanak irakurri eta ez nekien nork idatzia zen esaten. Kasu batean bakarrik, uste dut, asmatu nuela,” esan digu batek.

Bozketa eta emaitza
“Otsaila bukaeran aurkeztu zituzten idazlanak eta geroztik, euskaltegiko horman egon dira beste geletako ikasleek irakurtzeko. Duela bi aste, gutxi gorabehera, kutxa jarri genuen bozketa egiteko”, azaldu du 6. urratseko irakasleak.
Beste ikasgeletako 30 bat pertsonek parte hartu dute bozketan. Irakasleak adierazi digunez, “lau puntu izan behar zituzten kontuan, originaltasuna, idazlanaren mamia, apainketa eta idazkera.”
Asteartean egin zen bozken zenbaketa eta Okendoko palmondoa ezizenez sinatutako idazlanak irabazi zuen.
Ikasle guztiek eta irakasleak berak idazlan horren originaltasuna azpimarratzen dute, “izan ere, Okendon zegoen palmondoak kontatzen baitu Lasarte lehen nola zen, orain nolakoa den eta etorkizunean nola izan daiteken. Baina kontuan hartzeko da bukaera arte ez dakizula palmondoa denik.”