Euskal Herriaren alde, [i]Iniziatiba Internazionalista[/i]

Txintxarri Aldizkaria 2009ko ekainaren 5a

Igandean, Europako Legebiltzarreko hauteskundeak burutuko dira. Alderdi guztiek azken egun hauek aprobetxatu dituzte azken bozkak eskuratzeko.
Horietako bat, Ezker Abertzalea dugu. Asteazkenean eskainitako prentsaurrekoan, Iniziatiba Internazionalista-Herrien elkartasuna alderdiaren aldeko bozka eskatu zuen.
“Europar hauteskunde hauek aukera ezin hobea eskaintzen dute Euskal Herriko panorama politikoa eta soziala astindu eta aldaketa eta konponbide demokratikoari ateak zabaltzeko,” adierazi zuten.
“Greba Orokorrak Euskal Herria eta langileria subjektu protagonistatzat izango dituen aldaketa politiko eta sozialaren bidean konpromezu eta borroka mugarri bat finkatu du. Bide horrek jarraipena behar du,” jarraitu zuten.
Aldaketa horrek Estatu mailan dituen oztopoak ere aipatu zituzten prentsaurrekoan, “EAEko gobernuan izandako alternantziak, benetako aldaketa oztopatzea helburu duen PP-UPN eta PSOEren arteko Estatu paktua indartu du. Lege antidemokratikoen inposaketan eta euskal herritarrok gure etorkizun instituzionala eta soziala inolako xantaia eta hipotekarik gabe aukeratzea ahalbideratuko luketen konponbide demokratikoen ukazioan oinarritzen dena.”
Hala ere, “Ezker Abertzaleak prestutasun osoa dauka aldaketa politiko eta soziala irabazte aldera ahaleginak eta bi egiteko. Eskenatoki demokratiko bat eraiki eta beste Euskal Herri baterantz bide egiteko.”
Horregatik, “Iniziatiba Internazionalista-Herrien Elkartasunaren aldeko boza Euskal Herriaren nahiz bere eskubideen aldeko boza da; Herrien arteko elkartasunaren aldekoa; aldaketa sozialaren aldekoa; demokrazia sozial eta politiko baten aldekoa. Orain eta hemen posible diren beste Euskal Herria eta beste Europa baten aldeko boza da. Alfonso Europara! Euskal Herria eta ezkertiarrak Europara!,” eskatu zuten ezker abertzaleek.