Santa Ana Pala txapelketa hasi da

Txintxarri 2009ko ekainaren 5a

Eguraldi ona iritsi da eta honekin batera, maiatzaren 25ean, Santa Ana Pala txapelketa hasi zen gure herrian.
Astelehenetik ostegunera, egunero 18:30etik aurrera gomazko pilotarekin jokatutako bikotekako hiru partida ikusteko aukera dago oraingoz Okendoko frontoian eta, ekainaren 15etik aurrera, Michelin fabrika ondoan dagoen pilotalekuan.
Lehengo asteko astearteko euri zaparradak lehenengo jardunaldiko hiru partidaren atzerapena ekarri zuen eta hauek ostiralean jokatu ziren. Aste honetan, bigarren jardunaldiko partiden txanda izan da eta ez da arazorik sortu.

Lehiaketa sistema
24 bikotek eman dute izena aurten. Hauek lau multzotan banatu dira eta 5 jardunaldi jokatuko dituzte liga moduan.
Ostean, uztailaren 6 eta 7an lehiatuko diren final laurdenetan multzo bakoitzeko lehenengo bi bikoteek parte hartuko dute.
Finalaurrekoak uztailaren 13 eta 14ean izango dira eta final handia, Santa Ana Egunean, arratsaldeko 19:00etan.
Iazko irabazleek, Iñigo Arluziagak eta Imanol Bardajik txapela mantentzeko gogor egin beharko dute lan.

Squash txapelketa
Bestalde, Kirol Zerbitzuak antolatzen duen Squash txapelketa soziala bigarren fasean sartu da.
Iñaki Garcia, J.R. Urruzola, Julen Vega eta Iker Cañedok kontsolazio finalean egoteko partidak jokatu zituzten astelehenean eta Agustin Erkizia, Alberto Udabe, Aitor Reyesek eta Kinin Calvok ekainaren 13an ospatuko den final nagusiarako txartela lortzeko lehian dabiltza egun hauetan. •