Ingurumenaren Nazioarteko Eguna da gaur. Hau ospatzeko, Lasarte-Oriako Udalak astean zehar hainbat ekitaldi antolatu ditu ingurumena zaindu eta birziklapena eta berrerabilpena bultzatzeko.
Aste osoan Manuel Lekuona kultur etxeko hitzaldi aretoan etxe berezia ikusteko aukera egon da, Berrerabilitako etxea.
Etxe honetan ikusi diren altzari eta elementuak Emaus elkarteak etxez etxe bildutakoak dira. “Jendea harritzen da hain egoera onean daudelako”, aipatu zuen Emauseko arduradunak, Manu Mendezek. “Era didaktikoan berrerabilpena zer den erakutsi nahi dugu eta bigarren eskuko salmenta jendeari hurbildu. Horregatik, altzariak salgai daude. Hori bai, erakustaldia bukatzen den arte ezingo dira eraman,” azaldu du Manuk.
Etorkizuna lantzen
Arratsaldeetan helduek bisita egiten zuten bitartean, goizetan Landaberri ikastolako, zein Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko 140 bat gaztetxo hurbildu dira erakusketa ikustera.
“Haurrekin hondakinak berrerabiltzen eta hauen bizitza erabilgarria zein den erakusten diegu. Ostean, berrerabilpenaren adibide, kartoizko kutxekin karpetak egiten ditugu”, azaldu digu Emauseko kideak.
Azpimarratu duenez, “atzematen da ikastolan Agenda 21a lantzen dutela. Era horretara, errazagoa da haurrekin lan egitea, galderak erantzuten dituzte eta ongi gainera” eta zera atxiki zuen “ikastolan birziklapena lantzen dutela nabari da. Hala ere, ingurumena zaintzeko beste era batzuk daude eta bertan horietako bat erakusten diegu, berrerabilpena.”
Emaus elkartea
“Era berean, Emaus elkarteak egiten duen lana ezagutarazi nahi dugu,” azaldu zuen Manu Mendezek.
“Erakusketan dagoen guztia bildutako altzariak edo arropa da, jendeak emandakoa edo etxez etxe bildutakoak eta egoera onean daudenak gainera,” aipatu zuen.
Bilketaren funtzionamenduari buruz ere mintzo zen Manu, “herritarrak elkartearekin harremanetan jartzen dira eta eguna adostu ostean, altzariaren bila goaz. Honetarako, telefono zenbaki bat dugu, 902 455 855. Baina honetaz gain, badago beste era bat, Belartza poligonoan dagoen Ekocenter-era zuzenean eramatea.”
Bisitak eta karpa
Era berean, astelehenean Artelatz eta Lasarte-Oriako Ingurumen, Kontsumo, Merkataritza eta Osasun sailak Emaus Ekocenter eta Urnietako Sailkapen plantara antolatutako lehenengo bisita burutu zen. Saileko buruak, Rikardo Ortegak azpimarratu zuenez, “jendea asko harritu da Emauseko Ekocenter-ean dauden gauzak ikusiaz.”
Horregatik, sail honek herritarrak animatu nahi ditu ekainaren 16an antolatu den bigarren bisita gidatura. Goizean izango da, 9:30etik 12:00etara eta gazteleraz. Bisitara joan nahi duenak izena eman behar du, 943 670 249 telefonora deituaz.
Kanpaina bereko birziklapen karpak ere aurrera darrai bere ibilbidean eta gaur arratsaldean Okendon egongo da.
Karpa honetan birziklapenari buruz herritarrek dituzten kezkak azaldu eta birziklapena sustatzeko poltsak banatuko dituzte.
Bigarren eskuko merkatua
Honetaz gain, Ingurumen, Kontsumo, Merkataritza eta Osasun sailak ekainaren 20an, Oria ibai ondoan, hau da, merkatu egiten den gunean, ospatuko den Bigarren Eskuko Merkatuan parte hartzera gonbidatzen ditu herritarrak.
Objektuen berrerabilpenak eta berreskuratzeak edo honen antzeko ekimenekin, ingurumenarenganako eraso mailak gutxitzen eta artikulu askoren bizitza luzatzen laguntzen du.
Hori dela eta, Ingurumen, Kontsumo, Merkataritza eta Osasun sailak egoera onean dauden bigarren eskuko objektuak salgai jartzera animatzen ditu herritarrak.
Merkatuan parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. Horretarako 943 37 60 55 telefonora deitu behar da.