Udan kirol eskaintza zabala

Txintxarri 2009ko ekainaren 8a

Udaleko Kirol Zerbitzuak udarako ikastaro sorta antolatu du herriko heldu, gazte eta haurrentzat.
Aurten, gainera, bi nobedade izango dira: 2 urte baino gutxiago duten haurrentzako igeriketa ikastaroa, eta, bestetik, piragua ikastaroa.

Haurrentzako jarduerak
Uda izanik, uretan egiteko ikastaroak antolatu dituzte bereziki haurrentzat.
Lehenengo aldiz, hilabete gutxiko umeentzat igeriketa ikastaroa izango da. 6 hilabetetik 2 urtera arteko haurrek izango dute uretan murgiltzen ikasteko aukera, eta 8 plaza daude. 5-4 urte bitarteko haurrentzat, berriz, 8 plaza, beste 10 plaza 7-6 urte bitarteko gazteentzat, eta, azkenik, 15 plaza 7 urtetik gorakoentzat.
Horretaz gain, Jostakirolak izeneko jarduera antolatu dute Ttakun elkartearekin elkarlanean, eta 5-9 urte bitarteko gaztetxoentzat izango da.
Ikastaro horiek guztiak oro har uztailean hasi eta irailean amaituko badira ere, ekainaren 25erako Uretako Festa eguna antolatu dute.
Egun horretan, 125 haur espero dituzte igerilekuan, eta goizez izango dira ekintzak.

Helduentzako ikastaroak
Helduentzako ere eskaintza zabala izango da. Aipagarriena, Kaxkardi kirol elkarteak antolatutako piragua ikastara dago. Motza izango da, uztailaren 6an hasi eta 11n bukatuko baita.
Uretatik kanpo egingo diren ikastaroei dagokienez, 12 urtetik gorako lasarteoriatarrentzat honako ikastaroak izango dira aukeran: indoor txirrindularitza edo spining, pilates, tonifikazioa eta aerobika.
Igerilekuan, berriz, honako hauek egingo dira: igeriketa ikastaroa, aquaerobika eta aquagyma. Uztailean hasi eta irailean bukatuko dira ikastaroak, baina abuztuan etena eginez.
Astean zehar egingo dira ikastaroak eta ordutegia zabala da. Ikastaro horietan izena emateko epea gaur bertan ireki da.
Informazio gehiago eskuratzeko edo izena emateko kiroldegira hurbildu edo 943 376 182 zenbakira deituaz egin daiteke.