Adinekoen beharrak asetzeko eta beren bizi-kalitatea hobetzeko apustua eginez, Lasarte-Oriako Udalak elkarlanerako akordio bat sinatu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin.
Akordioa lau urteko gestioen ondorengo emaitza da. Proiektuaren kostua 3,6 milioi eurokoa da eta hitzarmenak jasotzen duenaren arabera Foru Aldundiak %75 abonatuko du eta gainontzekoa Udalak finantzatuko du.
Akordio honek hiru hobekuntza garrantzitsu ekarriko dizkio Atsobakar Egoitzari: zentroaren erreforma orokorra, Psikogeriatriako Unitate baten sorrera eta Eguneko Zentroaren handitzea.
Hobekuntzak
Honela, eraikina handitzea eta altzariak bertan bizi direnen pertsonen beharretara egokitzea aurreikusten da.
Etorkizuneko Atsobakar egoitzak, gainera, beiraz hornitutako korridorea izango du erdian, aiton-amonek neguan eguzkiaren argia aprobetxatzeko eta honek eraikinaren hegal bat eta bestea lotuko ditu.
Ana Urchueguía alkateak azaldu duen moduan, "egoitza bertan bizi direnen perfil ezberdinetara egokitzea beharrezko ikusten dugu, izan ere, ez ditugu gure aiton-amonak udalerritik kanpo lekualdatu nahi, beste egoitza batzuetan egiten duten moduan."
"Horregatik, perfil ezberdinetako adinduentzako espazioak sortuko ditugu, hau da, basikoa, osasun-kargaduna, narriadura kognitiboko perfila eta psikogeriatrikoa," gaineratu du.
Psikogeriatriako Unitate honek 400 metro karratutik gora izango ditu eta 15 pertsonentzako plaza izango du.
Eta, azkenik, Eguneko Zentroa 15 plazatik 25era handituko da erantzun egokiagoa emateko.
Kalitatezko zerbitzua
Era honetara, beraz, azpiegituraren kalitatea hobetuko da, baina Ana Urchueguía alkatearen ustez, "zerbitzu on baten eta kalitatezko zerbitzu baten arteko ezberdintasuna detaile txikietan dago".
Hori dela eta, momentuko egoera ekonomikoa egonda ere, Udalak berak duela gutxi onartu zuen kontratazio zerbitzua zabaltzea langile kopurua handituz.
Alkatearen hitzetan, "gure aiton-amonek beren ingurunean egoteko aukera izatea defendatzen dugu argi eta garbi, ulertzen baitugu beren bizitzako azken etapan hori izan daitekeela egokiena, eta ildo horretan lanean jarraituko dugu".
Honela, lanak datorren irailean hastea aurreikusten da.