Egun hauetan aldapa igo eta eguraldiari aurre eginez Zabaletako jaietaz gozatu edo festan parte hartzera hurbildu den herritar kopurua handia izan da.
Ostiralean arratsaldean euriak atsedena eman eta haurrek ederki gozatu zuten Teresa sorginaren etorrerekin eta aurretik egin ziren merienda eta opari zozketarekin.
Ostean, helduen txanda izan zen eta Antonio Blas plaza musikaz bete zen. Lehenik Xumela koruak betiko abestiak eskaini zituen kantu afarian; Landaberriko dantza garaikide taldeek gaur egungo doinu eta musika etnikoan oinarritutako dantzak eskaini zituzten eta, amaitzeko, dantzaldi aparta antolatu zen.
Eguraldiak ez geratu
Larunbatean euria zaparrada batzuk egin zituen arren, haurrak ederki ibili ziren puzgarrietan eta barre eta algara ugari entzun ahal izan ziren Hipo eta Tomax pailazoen herri kirolak emanaldian.
Honetaz gain, helduentzat eskoba eta mus txapelketa antolatu ziren, irabazleak eskoban Larrekoetxekoko Pako eta alaba eta musekoan, berriz, Aritz eta Gari gazteek lortu zuten garaipena.
Haur eta helduentzat herrikirolak ere egon ziren gose egiteko. Ostean, afaria eta bertso saioa. Iñaki Zelaia, Unai Agirre, Miren Artetxe eta Ane Labaka fin aritu ziren oholtzan.
Gazte ugari bildu zen, Usurbilgo Mendeku Itxua eta Skasti taldeek eskaini zuten rock gauean.
Proba mistoa
Atzo, berriz, Landaberri ikastolako gaztetxoen dantza saioa ohiturazkoa den proba mistoaren atari izan zen.
Tellerigaina, Auzokoak eta Erkide fin ibili ziren arren, Larrekoetxe-Ostadar nagusi izan zen.
Arratsaldean, toka txapelketa egon zen eta haurrek ere ongi gozatzeko aukera izan zuten Porrotxen bihurrikeriak eta muxuekin.
Azkenik, Teresa sorgina hurrengo urtera arte agurtu baino lehen, Usurbilgo Txerriki taldearen kale antzerkia ikusi ahal izan zen.