Euskaltegitik euskaraz bizitzera

Txintxarri 2009ko ekainaren 8a

Udal Euskaltegiko talde batek euskara ikasleek euren hizkuntz ohiturak aldatzeko dituzten aukerei, zein zailtasunei buruzko lan bat egin du eta aldaketa horrek duen garrantzia nabarmendu. Gaiari buruzko galdeketa egin dute ikasleen artean eta emaitza jaso dugu orriotan.

Hizkuntza bat ikasten duenak erabiltzeko ikasten du, ez buruko txokoren batean gorderik izateko. Gainera, Ikas-prozesuan aurrera egiteko, ezinbestekoa da erabiltzea. Are gehiago, ikasitakoari eusteko modu bakarra erabiltzea da. Zulatutako ontziaren antzekoa da komunikaziorako gaitasuna; ontzi horretara ura botatzeari uzten badiogu, lehentxeago edo geroxeago, hustuta geratuko da ontzia. Orduan, zertarako ikasi, gero berriro ahazteko? Ez du zentzurik, ezta? Hori da Lasarte-Oriako Udal Euskaltegiaren filosofia, eta halaxe dela uste dugu gainerako euskaltegiena ere.

Horretarako, era egituratuagoan edo ez hain egituratuan, ikaslearen eta ikastaldearen arabera, ikasleak harreman sare hurbilean euskaraz jarduteko dituen aukerak aztertu eta hizkuntza ohituren aldaketarako proposamena egiten zaie. Ondoren, proposamena nolabait onartu duenarekin, daraman bidearen jarraipena egiten dugu, besteak beste tutoretza saioetan. Ikasletik ikaslera aldeak izaten dira konpromiso mailan eta konpromiso maila horri egokitutako jarraipena egiten dugu.
Bestalde, ikasturtean zehar ikastunitateren bat edo beste lantzen dugu, erabileraren garrantzia ikusarazi nahian eta gelan gaiaren inguruko gogoeta jardunetarako bide emateko. Unitateen bidezko jardunez gain, edozein aukera baliatzen dugu gelan erabileraren aldeko mezua zabaltzeko. Horren harira, zenbait ikaslek esan du ezkutuko mezu asko bidaltzen dizkiegula. Badakigu hizkuntza ohiturak aldatzea askotan zaila izaten dela, eta ez dela gauetik goizera gertatzen; gertatzen bada, pixkanakakoa dela. Eta horrelaxe eraman/ bultzatu nahi dugu prozesua, ezarian-ezarian, egosaldia behartu gabe, sua gehiegi indartuz gero, erretzeko arriskua baitago.
Euskaltegiko hainbat ikasle hautatu ditugu hizkuntza ohituren aldaketan izan duten esperientziaren berri emateko. Jatorri, bizigiro, ikas-prozesu eta maila e berdinetako jendea da, hizkuntza ohituren aldaketan edonork bere egoerara egokitutako zerbait egin dezakeenaren isla. Bost galdera egin dizkiegu guztiei eta ondoren datoz beraien erantzunak.