Alkoholiko Anonimoak AA elkartean biltzen diren pertsonak ez dute euren burua publiko egiten, ez dira herrian ezagunak, baina elkarteak ateak zabaldu ditu eta alkoholarekin arazoak dituztenen eguneroko errealitatea eta arazoa gardentasunez erakusteko asmoa azaldu dute elkartearen 74. urteurrenean. Atzo elkartu ziren Lasarte-Oriako AA taldekoak kultur-etxean. Bertan izan ziren Celina Pereda, Eusko Jaurlarizako Drogomenpekotasun saileko burua, Lourdes Acevedo, Lasarte-Oriako udaleko Gizarte Zerbitzuetako burua eta Javier Erranz Osakidetzako zuzendaritzako kidea.
Alkoholiko Anonimoak elkarteak 74 urte bete ditu eta urteurrenaren ospakizunean, atzo arratsaldean Kultur Etxean, alkoholorekin arazoak izan eta elkarte honen babesa jaso dutenak, hauen senideak eta arazoarekin interesaturik zeuden zenbait herritan elkartu ziren zenbait politikari eta ordezkari publikorekin batera. Ekitaldian, edateari utzi dioten zenbait herritarren testimonioak entzun zituzten eta bi aurkezpen ikusi. Batetik “eskailera” izeneko diaporama, pertsona batek edaten hasten denetik, alkohol kontsumoaren eraginez hiltzen den arte eraman dezakeen ibilbidea jorratzen zuen lana eta ondoren “Azken Atea” Donostiako Larrotxene Kultur Etxeko dokumentalen tailerreko kide diren Xabi Vicente, Javier Herrero, Mikel Insausti eta Ioane Galarzak egindako filma laburra. Bertan AA elkarteko zenbait kideren testimonioak, Alvaro Iruin medikuaren hitzak eta administrazioko ordezkari batzuen iritzia, tartean Lordes Acevedo Lasarte-Oriako zinegotziarena. Berak ere parte hartu zuen ekitaldian eta zinegotzi bezala daramatzan zazpi urte hauetan egindako lan guztiaren artean, bere iritziz lorpenik handiena AA elkartearen Lasarte-Oriako taldeari Villa Mirentxuan Ongintzak erabiltzen dituen lokaletako bat uztea izan dela esan zuen, Udala eta elkarte honen lankidetzarekin batera.